Udala sortu zenetik Mendaron administrari lanak bete dituen Joseba Etxeberriak erretiroa hartu du

Barren.eus 2023ko mar. 25a, 12:37

Joseba Etxeberria Egiguren Mendaroko Udaleko administrariak erretiroa hartu zuen joan zen martxoaren 10ean, 63 urterekin.

Etxeberria 23 urte zituela, 1983ko abenduan, sartu zen udaletxean lanean, Lourdes Etxeberria Altzibarrekin batera (2021eko maiatzean hartu zuen erretiroa), eta hutshutsetik lan egitea egokitu zitzaien biei. Dena zegoen egiteko Mendaron, Joseba Etxeberria eta Lourdes Etxeberria udaletxeko lantaldera batu zirenean. Izan ere, ordura arte Mendaroko zati bat Mutriku izan zen, eta bestea, Elgoibar, eta bi udal horietatik Mendarori buruzko dokumentazio guztia biltzea bera ez zuten lan makala izan.

Erretiroa hartu berritan, Lourdes Etxeberriak kontatu zuen bateratze horretan, zaborren eta ur horniduraren gaia kudeatzea izan zutela lehenengo eginkizunetako bat, Azpilgoetan ur zerbitzu onik ere ez zutelako [Gaur egun Kilimoiko urarekin hornitzen dira eskualdeko lau herri]. Dena egiteko zutela, 1983. urtean urak hartu zuen Mendaro eta hondamendi hartatik burua altxatzen hasi zirenean, 1988an, uholdeak izan zituzten berriro. Garagartzako obrak, hiru eraikinetan banatua zegoen eskola bateratu eta egungo eraikina sortu, Mendaro Ospitaleko obrak, Erramone industrialdekoak, San Agustin kulturgunea... herri bat sortzen ikusi du Etxeberriak, udaletxetik, urte hauetan gutxieneko zerbitzu gehienak sortu dituztelako Mendaron.
Erretiroaz galdetuta, aitortu du nahiago duela oharkabean pasatu, baina lankideek ez dute ahazteko eta joan zen martxoaren 10ean egin zuten bazkariaren aurretik egin zuten talde-argazkia bidali dute BARRENera. Taldeko argazkian aurreneko lerroan ageri da bera, 1989ko irailaren 1az geroztik lankide izan duen Jaione Zabalaren eta Iñaki Arregi alkatearen artean. Lehenengo lerroan, ezkerrerengo, ageri da Lourdes Etxeberria ere, Josebarekin batera udalean lanean hasi zena eta 37 urtez idazkari lanak bete zituena, harik eta 2021ean erretiroa hartu zuen arte.

 

∞Lotura duten albisteak: