14 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2016 honetarako

Barren.eus 2016ko ots. 26a, 07:54

Urte honetan 13.999.822 euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak, 2016ko jardunerako. Atzo egin zuten Osoko Bilkurak onartu zuen aurrekontu hori, EAJren aldeko botoekin eta EH Bildu eta PSE-EEren aurkakoekin. 2016ko hasierako aurrekontua 2015eko hasierako aurrekontua baino %2,5 handiagoa da (13.682.562 eurokoa izan zen). 1,6 milioi inbertsioetara bideratuko dituzte.

2015eko behin-betiko aurrekontua 15.320.512 eurokoa izan zen azkenean. Aktibo finantzarioen igoerak ekarri zuen iazko aurrekontuaren sarreren igoera handiena. Izan ere, Elgoibarko Udalak gerakina (aurreztutakoa) erabili zuen hainbat inbertsio egin ahal izateko. Elgoibarko Udalak ez du 2016ko ekitaldi honetarako aparteko inbertsio handirik aurreikusi. Era guztietara, 200.000 euro bideratuko ditu Aita Agirreko eraikina berritzeko proiektuarentzat. Aurten erredaktatuko den proiektu horrek datozen urteotako aurrekontuetan eragin handia izango du. Lanak datorren urtean esleitzea espero da. Lehen aurreikuspenen arabera, 2,8 milioi euroko kostua izango du eraikina berritzeak.

•1,6 milioi euroko inbertsioak

2016ko aurrekontuan 1,6 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu Udal-Gobernuak (1.929.263,5 euro bideratu zituzten iaz). Udal Gobernuak jakinarazi duenez, 2016rako prestatu duten aurrekontuak 1.122.000 euroko aurrezkia sortu du, sarrera eta gastu arrunten arteko diferentzia. "Aurrezki honek inbertsioetara edo aurrezkira bideratzeko ahalmen zabala emango digu". Hona hemen inbertsio aipagarrienak:

  • Landa lurretan lanak egiteko 200.000 euro bideratuko ditu Udalak.
  • Olasoko pasarela ordaintzeko 300.000 euro. Ziziliongo aparkaleku publikoaren ondoan dagoen pasabidea berrituko dute eta igogailu bat jarri, Sigma auzo parean iaz egin zuten moduan.
  • Mintxeta kirolgunean lokalak egokitzeko 65.000 euro. Lagun Taldea txirrindulari taldeak Aita Agirre eraikina laga eta Mintxetan izango du bulegoalokala egokitu ostean.
  • Olaizaga kiroldegiko jarlekuak berritzeko 100.000 euro.
  • Gaztetxea egokitzeko lanetarako 50.000 euro.
  • Trenbide Kalea egokitzeko 170.000 euro.
  • Hiri-altzarientzako 50.000 euro
  • Industria poligonoetarako 80.000 euro.
  • Sigma eta Altzola auzoetan egingo dituzten inbertsoetarako 100.000 euro.
  • Emugi zerbitzurako auto berriak erosteko 50.000 euro.
  • Haurreskolako terraza konpontzeko 40.000 euro.
  • Parkeak eta lorategiak txukuntzeko 56.000 euro.
  • Hiri altzariak erosteko  50.000 euro.
  • Mugiezinetan konponketak egiteko 120.000 euro.
  • Kaleen konponketa eta hirigintzarako 75.000 euro.

• Elgoibarko Udal aurrekontuak, urtez urte

2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016
16.861.269€ 14.340.734€ 13.477.135€ 12.714.216€ 12.553.391€ 12.889.304€ 13.682.562€ 13.999.822

•40.000 euro gehiago Udal Kirol Patronatuarentzat

Elgoibarko Udalaren kargura dagoen erakunde autonomoa da Udal Kirol Patronatua, eta aurten Udaletik 490.000 euroko transferentzia jasoko du, aurreko urtean baino %8,89 gehiago. 40.000 euroko hazkunde hori bi helburutara zuzenduko dela azaldu du Udal Gobernuak. Batetik, IMHko kantxa berriaren mantenimendu gastuetarako (30.000 euro) eta Mintxeta Atletismo Taldeari 10.000 euroko ekarpen osagarri bat emango zaio Juan Mugertza nazioarteko krosa finantzatzeko. Udak Kirol Patronatuaren aurrekontua 1.170.800 eurokoa da. 

San Lazaro egoitzan likidazio urtea

Bigarren erakunde autonomoari dagokionez, aurtengo aurrekontua aurreko urtekoaren %11koa bakarrik izango da San Lazaro egoitzan. Aurten 159.280 eurokoa izango da aurrekontua; eta iaz 1.430.600 eurokoa. San Lazaro egoitzak ibilbide berria hasiko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapean eta "likidazio urtea" izango da. Hurrengo hilabeteetan bi erakundeek, Aldundiak eta Elgoibarko Udalak, kontuak banatuko dituzte. 

∞Lotura duten albisteak: