19.270.000 euroko aurrekontua proposatu du Elgoibarko Udal Gobernuak 2023rako

Barren.eus 2022ko aza. 21a, 16:39

Datorren urterako udal aurrekontu proposamena aurkeztu du Elgoibarko Udal Gobernuak. 19.269.123,90 euroko aurrekontu aurkeztu dute, hau da, 2022koarekin alderatuta %8,85eko igoera izango du. Zenbait inbertsio ere nabarmendu dituzte: King Kong zubia berritzea, Urazandin bi kale lotzeko lanak, Arriaga industrialdea oneratzea eta Usetxe kaleko eskolak eraisteko lanak.

2023rako aurrekontu proposamena %8,85 igo da 2022koarekin alderatuta, dirutan milioi eta erdi gehiago. Hazkundea, bereziki, diru-sarreretan -diru-laguntzak zein Foru Funtsaren ekarpena- eta inbertsioetara bideratutako diru kopuruan ematen dela azaldu dute. Gastuek ere gora egingo dute, baina. Bereziki pertsonal gastuak, hornidura gastuak eta zerbitzuen zein kontratuen kostuak dira haziko direnak. Honako hauek dira gastu nabarmenenak:

  • Pertsonal edo langileen gastua: 5.196.384,62 euro (%26,958)
  • Gastu arruntak: 8.196.384,62 euro (%43,658)
  • Interesak: 7.000 euro (%0,0363)
  • Transferentziak (dirulaguntzak): 2.911.921,42 euro (%15,112)
  • Inbertsioak: 2.690.297,90 euro (%13,962)
  • Finantza aktiboak: 51.000 euro (%0,264)

Udalaren egiturari erreparatuta, honela banatzen dute aurrekontua:

  • 6.350.136,87 euro (%32,95) Herritartasuna atalera: sustapen ekonomikoa, bizikidetza, parte-hartzea, Lagunkoia eta obra ugari.
  • 7.762.570,15 euro (%40,29) Lurralde atalera: Hirigintza eta lan guztiak herritartasuneko obrak kenduta.
  • 5.156.416,88 euro (%26,76) Antolakuntza: udal sailak.



 • 2.691.000 euro inbertsioetarako
Estrategikotzat jo dituen inbertsioetara ia 2.691.000 euro bideratuko nahi ditu Udal Gobernuak. Honakoak dira aurreikusten dituzten inbertsio nagusiak:

  • King-Kong zubia berritzeko lanen lehen fasea - 870.000 euro 
  • Urazandiko biala - 350.000 euro
  • Usetxe kaleko eskolen erainsketa - 350.000 euro 
  • Arriaga industrialdea ontzeko lanen 3. fasea - 350.000 euro
  • EKIOLA (Trantsizio energetikorako eguzki kooperatiba). Bi diru partida Olaizaga kiroldegian eguzki plakak ipintzeko: 40.000 euro eta 60.000
  • Kaleen konponketa eta urbanizazioa - 200.000 euro
  • Landa gunean egiteko inbertsioak - 180.0000 euro
  • Igogailuetan eta eskailera mekanikoetan hobekuntzak - 85.000 euro
  • Hiri altzariak erosi eta berriztea - 75.000 euro
  • Jolas parketan inbertsioak - 20.000 euro
  • Teknologia berriak – 39.200 euro

2022 11 21 Aurrekontu proposamena 2023 udal gobernua elgoibar udala 

Aurrekontu proposamen honekin bi helburu nagusi bete nahi dituztela azaldu dute Elgoibarko Udal Gobernuko arduradunek: herritarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko pausuak ematea batetik, eta bestetik, herri aurreratua eraikitzen jarraitzea, "bai alor sozialean, ekonomikoan zein jasangarrian, zerbitzu oro mantendu eta hobetuz", adierazi dute prentsa ohar bidez.
Ane Beitia alkateak, Atsegin Uzuriaga Ogasun zinegotziak eta Ariana Nogales Pertsonaleko zinegotziak aurkeztu dute 2023ko aurrekontu-proiektuaren proposamena. Honela baloratu dituzte: “Herritarrak babestu eta Elgoibarren garapen integrala dute helburu, ausartak dira, baina ziurgabetasun handiko une bati erantzuteko landu ditugu zuhurtzia osoz. Pandemia, Errusiak bultzatutako Ukrainaren inbasioa, inflazioa… herri bezala zuzenki eragiten digute, eta aurrekontu honek egoera horien aurrean babesteko neurriak jasotzen ditu: elgoibartarrak dira erdigune eta beren onura eta ongizatea du helburu nagusi”, adierazi dute.
Ane Beitiak gaineratu du ziklo bat borobiltzen duten aurrekontuak direla: “ziklo bat itxi eta aro berri bat zabaltzen dute. Gizarte zerbitzuak eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko ekimen eta proiektuak indartu dira, eta proiektu estrategikoei bidea eman: hala nola, Arriaga industriagunearen birmoldaketa amaituko dugu, King Kong zubia berritu, LED sistemadun argiteria ipini edota plaka fotovoltaikoen sustapena. Aurrekoez gainera, kirol azpiegitura eraiki berrien martxa bermatzen du, kulturaren aldeko apustua, Errotaberri edo Urazandiko igogailu sistemak, gizarte zerbitzuei eman diegun bultzadarekin jarraitzen du Eguneko Zentroaren eskaintza-zabalpenarekin… asko dira eredu. Ziklo oso aberasgarria proiektuei erreparatuz, zaila ere kontestuagatik, baina Elgoibar hobe bat egin dugu, eta jarraituko dugu egiten. Proiektu ugariren idazketari egiten die bide aurrekontu honek, Eskola zaharren eraisketak esaterako, edota Errezabal zaharren egoitza berria edo anbulatorio berria. Ziklo bat borobildu du, baina 2023ko aurrekontuak Elgoibar berri bati emango dio bidea, bereziki gizarte ongizatearen alorrean edota irisgarritasun eta herriko gune ugariren oneratzean”.

Udal arduradunek gogora ekarri dute 2023an Udalak ez duela tasa eta zergarik igo: “Udalaren finantza egoera onak Covid-19aren pandemian babes neurri garrantzitsuak abian jartzea ahalbidetu zigun; 2023an, herritar zaurgarrienei prezioen gorakadari aurre egiteko laguntzak indartu ditugu. Diru publikoaren kudeaketa zuhurra baina ausarta gauzatzen ari gara”, azaldu dute.

 • Gizarte ongizateko aurrekontua, %7,6 gora
Gizarte Ongizatea bermatzeko aurrekontuak %7,6ko hazkundea izan duela zehaztu dute. Guztira 1.788.804,23 euroko aurrekontua izango luke alor horrek. Bereziki abian jarri berri duten Eguneko Zentroaren (442.404,80€) asteburuetako zerbitzua eta mendekotasuna duten edo arriskuan dauden adinekoentzat Autonomia Sustatzeko zerbitzu berria dira berritasun nagusiak aurrekontu honetan. Elkarteei bideratutako diru-laguntzak mantendu egiten dituztela argitu dute, besteak beste, etxez-etxeko laguntza zerbitzua (340.679€), gizarte larrialdietarako laguntzak (200.000€), pertsona nagusiei loturiko programak, bazterkeria egoerei loturiko aktuazioak edota osasun programak.

 • Sustapen ekonomikoa
Proposamenaren arabera, Sustapen Ekonomikorako Sailak ia %20ko igoera izango du 2023an, guztira 330.399,93 euro. Nabarmentzekoen artean, AIZU ostalari elkartearekin sinatuko duten hitzarmena, 20.000 euroko laguntzarekin (iaz lehen hitzarmena sinatu zuten 5.000 euroko partidarekin). Bestalde, %59 haziko da merkataritza sektoreari laguntzeko aurrekontua, 50.000 eurotara igoz.

 • Trantsizio energetikorako laguntzak
Udaletik esan dute "hainbat eta hainbat" ekimen bultzatzen dihardutela trantsizio energetikoa bultzatzeko: “argiteria publikoa LED sistemaduna bihurtzeko lanak aipatu dituzte. 230.000 euroko kostua izango dute, 2023an. Ildo beretik, eraikin publikoak jasangarriago egiteko pausu berriak eman nahi dituzte udal eraikinetan eguzki plakak ipinita. 60.000 euroko partida bideratuko dute plaka fotovoltaikoak ezartzeko. "Energia berriztagarrien aldeko hobariak, EKIOLA energia kooperatiba abian jartzeko pausuak emango dira (40.000€ 2023an), eta jarraitzen dugu tinko bide horretan, baliabideen kontsumo arduratsua bultzatzeko, gure herria eta lurra jasangarriago bilakatuz. Horretaz gain, 2023rako bukatuta egongo dira Urruzunoko parke berdearen obrak, herritarren eskura beste parke berde zabal bat eta ortuak eskura jarriz".

 • Kultura eta kirola
"Kulturak garai zailak bizi izan ditu azken bi urteetan Covid-19aren ondorioz, baina Udalak apustu berezia egingo du, kultura suspertu eta kaleak berriz ere kolorez eta doinuz betetzeko", esan dute. Sailaren aurrekontuak %15,15 egingo du gora, eta 1.082.251,54 eurokoa izango da. Auzoetako jaietarako gorde duten diru partida nabarmendu dute. "Iaz hirukoiztu egin zen eta aurten ere mantendu egiten da auzoetako jaiak sustatzeko laguntza hori". Elgoibarko Udal kirol Patronatuari egiten zaion ekarpenak ere gorakada nabarmena izango du datorren urtean: %26,26 gehiago, 1.144.800 euro. Azaldu dutenez, Olaizaga kiroldegiko igerilekua handitzeko lanak 2021eko irailean bukatu zituzten, eta handitze horrek eragin zuzena izan du mantentze gastuetan, horiek igoz. Igoera horri gastuetan aurten izan duten igoera gehitu behar zaio, besteak beste, energia gastuak izan duen gorakadagatik. "Hori, tasa eta zergen izoztearekin bat, da aurrekontuaren igoera azaltzeko arrazoia".

 • "Herria, herritarrekin bat"
Udalak herriko elkarte, eragile eta erakunde ezberdinei ematen zaizkien diru-laguntza guztiak areagotu dituela azpimarratu du, hala nola, Gizarte zerbitzuak, Kultur laguntzak, Euskara alorreko eragileak, herri hedabideak, berdintasuna edota hezkuntza, esaterako.
Gazteei begira ere etxebizitzaren inguruan Udala lantzen ari den diagnostikotik eratorritako neurriak abian jartzeko diru-poltsa mantendu dute. 2022an amaituko den 2023-27 Emantzipazio Planak gidatuko ditu hurrengo pausuak.
Gazteek etxebizitzen alokairurako gastuak ordaintzen laguntzeko dirulaguntzak (30.000€) mantenduko dituzte eta etxebizitzen hobekuntzak (igogailu, fatxada…) egiteko 120.000 euro egongo dira.
Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza bultzatzen jarraitzeko helburuz, sustapen kanpainak mantenduko dituztela aurreratu dute, eta negozio berriak zabaltzeko diru-laguntza lerro berri bat abian jarriko dutela ere jakinarazi du Udal Gobernuak.

 • Proposamena lantzeko tartea
Udal Gobernuak aurrekontu-proposamena udalean ordezkaritza duten alderdi guztiei helarazi zien azaroaren 4an, eta Antolakuntza Batzordean garatuko dute behin-betiko proposamena. Udalaren helburua da azaroaren 30eko Osoko Bilkuran onartza 2023rako garatu eta aurkeztu duten aurrekontu proposamen hau.

∞Lotura duten albisteak: