Ekintzailetza sustatzeko eta tokiko jarduera ekonomikoei laguntzeko 51.000 euroko diru-laguntza bideratuko du Udalak

Barren.eus 2022ko uzt. 15a, 09:05

Herriko enpresei laguntza ekonomikoa emateko 51.500 euroko diru funts bat sortu du Elgoibarko Udalak, enpresa-jarduera berrien ekimena bultzatzeko, jarduera horiek sendotzeko eta negozio bideragarria dutenei eusteko. Eskaerak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da.

Udaletik azaldu dutenez, egun bizi dugun krisi ekonomikoko testuinguru honetan, enpresa berrien sorrera dinamizatzeak, enpresa horiek sendotzeak eta negozio aktiboa dutenak mantentzeak berebiziko garrantzia dute enplegua eta aberastasuna sortzeko. "Krisi honekin ikusi da, halaber, digitalizazio-prozesua azkartu egin dela eta, gainera, digitalizazioa eta iruzur fiskalaren aurkako borroka lotzen dituzten lege-aldaketak datozela. Gainera, produktuak merkaturatzeko modu digitalagoak ezartzen ari dira, eta horrek marketin digitala gehiago erabiltzea dakar", adierazi dute.

Elgoibarko Udalak laguntzak emango dizkie udalerrian kokatutako enpresa-proiektu bat duten jarduera ekonomiko guztiei edo berriei, bai eta dauden dendek beren jarduera itxi ez dezaten ere. Udalak 51.500 euro bideratuko ditu diru-laguntza funts horretara:

  • A. Jarduera ekonomikoa sortzeko diru-laguntza: enplegua sortzen duten enpresa-ekimen berriei laguntzea.
  • B. Jarduera ekonomikoen ondorengotzarako diru-laguntza: enpresaren ondorengotza/txanda, pertsona fisiko edo juridikoen aldetik.
  • C. Zabaltzeko, lekualdatzeko edo eguneratzeko diru-laguntza: enpresei, Elgoibarren barruan negozioa lekualdatu, handitu edo eguneratzeagatik.
  • D. Finkatze eta eguneratze digitalerako diru-laguntzak: enpresei diru-laguntzak ematea, ingurune digitaletara eguneratzeko eta TicketBai ezartzeko.

Diru-laguntzak lortzeko eskabideak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da (30a barne). Diru-laguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki egin beharko dira udalaren web orriaren bidez (www.elgoibar.eus). Zuzeneko emakida bidez emango dira laguntzak, norgehiagokarik gabeko sistemaren bidez. Informazio osoagoa Elgoibarko Udalean.