Ikasteko gela bat zabaldu du Mendaroko Udalak udaletxean 14 urtez gorakoentzat

Barren.eus 2022ko eka. 1a, 14:41

EH Bilduk apirileko osoko bilkuran egindako eskaerari erantzunez, Mendaroko Udalak gela bat egokitu du udaletxeko hirugarren solairuan 14 urtez gorakoek ikasteko lekua izan dezaten.

Aste barruan egongo da zabalik. Gehienez hamar lagunentzako lekua egongo da, eta mahai bakoitzak ordenagailuarentzako karga-puntua eta wifi konexioa izango ditu. Ikasgelak honako ordutegia izango du: 8:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. Hala ere, Udaletik jakinarazi dute erabileraren arabera ordutegia zabaltzeko aukera egongo dela.

Albiste horren harira prentsa-oharra argitaratu du EHBilduk. Oharrean diote eskertzen dutela eskaera aintzat hartu izana, baina halako ekimen bat martxan jartzeko, lehenengo interesa duen jendearekin jarri behar dela harremanetan, "zerbitzua euren beharretara ahalik eta gehien egokitzeko", eta ez dutela hori egin denaren konstantziarik. Era berean, hamar mahai baino gehiago beharko liratekeela ere azpimarratu dute eta zerbitzua 14 urtez gorakoentzako izan beharrean 12 urtez gorakoentzat izan beharko litzatekeela. Azkenik, zerbitzua udaletxea zabalik dagoen orduetara mugatzea ez dute ondo ikusten EH Bildun: "formula flexibleagoak bilatu beharko lirateke, ikasle desberdinen beharretara egokitzeko".