Duela hilabete inguru jarri ziren harremanetan Karakate Bizirik plataformakoak Udal gobernuarekin, proiektuaren kontra indarrak batzeko, eta ondoren, Udalean ordezkaritza duten gainerako alderdiekin ere izan dituzte batzarrak, mozioa "ahalik eta adostasun zabalenarekin adosteko". Bost arrazoi aipatu zituzten plataformakoek Karakaten egin asmo dutenaren kontra egiteko: Karakateko mendi ingurua elgoibartarren aisialdirako "leku berezia eta kuttuna" dela; aurkeztutako aurreproiektua Elosua-Plazentzia estazio megalitikoaren mugetan sartzen dela; proiektuak Karakate-Irukurutzeta-Agirreburu babes bereziko naturgunean eragin zuzena izango zuela eta Elgoibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak espreski galarazten dituela parke eolikoak egitea; eta klima aldaketari aurre egiteko energia berriztagarriak sustatzea ezinbestekotzat jo arren, mota honetako proiektuek herritarren artean "ahalik eta kontsentsu zabalena" izan behar dutela eta ezin dutela herrietako ondarearen aurka egin.
Udal gobernutik adierazi dute erraza izan dela aldeak ados jartzea eta Udalak orain arte adierazpen ofizialik egin ez badu, arriskurik ez zutelako ikusten izan dela. "Ez genuen gizartean sortu den egonezin hau sortu nahi aurrera egiteko biderik ikusten ez diogunean honi". Izan ere, eta Karakate Bizirik plataformatik adierazi bezala, Elgoibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) Karakate-Irukurutzeta mendilerroko Elgoibarko magala natura-intereseko gune izendatua dago eta HAPOn bertan zehazten dira inguru horietarako onartu daitezkeen jarduerak eta ez, debekatuta gelditzen direlarik parke eolikoak jartzea.
Era berean nabarmendu dute Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapen-dokumentuan ere jasota dagoela debekua, Karakateko gailurrerako eta Elgoibarko eta Soraluzeko mendi-magaletarako, ingurumenean duten eraginagatik. Karakaten hainbat elementu megalitiko daudela gogorarazi dute gaur osoko bilkuran onartutako mozioan (ikus hemen osoko bilkura, bideoan) eta egon daitezkeela aurkikuntza gehiago ere. "Soraluzeko udalerrian aurkitu berri diren zistek agerian uzten digute ingurune honetan oraindik aurkitu ezin dugun historiaren zati bat dagoela, eta aurkitutako elementu horiek interes kulturaleko ondasunak katalogatzeko prozedurarekin hasteko Soraluzeko udalerriak hartutako erabakia babesten dugu".
Horregatik, proiektu horren kontra agertzeaz batera, bi hilabeteko epean Karakateko Parkea Antolatzeko Plan Berezia idazteko konpromisoa hartu du Elgoibarko Udalak, "udal-plangintzan jasotako zehaztapenak gehiago zehazteko". Plan horren helburua inguruko elementu naturalak eta megalitikoak babestea eta balioestea izango da. Era berean, Dolmenen Ibilbidea babesteko eta sustatzeko konpromisoa berretsi du Udalak, eta horretarako, udalerri mugakideekin hitzarmenak sinatu eta ibilbidea promozionatuko duela aurreratu du, bai eta estrategia horren barruan egiten diren arkeologia-prospekzioaK diruz lagunduko dituela ere. Eta horren harira, Elgoibarren idaztekoa duten planaren antzekoa idazteko proposatu diote Soraluzeko Udalari, "interes naturalistikoa duen eremu horri balio bateratua emateko".
∞Lotura duten albisteak:
- Karakaten zentral eolikoa erakitzeko egitasmoaren kontra daudenen argazkia (2022-05-14)
- Hautsak harrotu ditu Karakaten egin nahi duten parke eolikoak (2022-05-13)
- Karakateko zentral eolikoaren kontrako protesta-martxa jendetsua (2022-05-09)
- Karakaten ipini nahi duten zentral eolikoaren kontrako protesta-martxa antolatu dute maiatzaren 8rako (2022-05-03)
- Karakaten eraiki nahi duten zentral eolikoari buruzko hitzaldia antolatu du Karakate Bizirik-Elgoibar taldeak (2022-04-27)
- Zentral eoliko bat eraikitzeko proiektua geratzeko eta Karakate babesteko taldea sortu dute (2022-04-05)
- Elgoibar ere "ukitzen" du Karakaten ipini nahi duten parke eolikoak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera (2022-03-04)
- Morkaikok lantalde bat sortu nahi du Karakaten haize errotak ipintzeko egitasmoari erantzuteko (2022-02-22)
- Karakaten bi haize errota ipintzeko egitasmoa aurkeztu du Capital Energy enpresak (2022-02-22)