Udalbatzaren osoko bilkurak zuzenean ikusteko streaming sistema izango du Elgoibarko udaletxeak

Barren.eus 2022ko api. 1a, 08:53

Elgoibarko Udaleko plenoak streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte herritarrek aurrerantzean.

 

Zehazki apiriletik aurrera, zerbitzua apirileko ohiko osoko bilkuran jarriko dbaitute martxan estreinakoz.
Elgoibarko Udalak 2022ko martxoaren 30ean egindako martxoko ohiko osoko bilkuran onartu zuen osoko bilkurak streaming bidez ematea, www.elgoibar.eus udal webgunearen bidez. Udalak sare sozialetan dituen kontuetatik ere zabalduko da (Twitter, Facebook, Instagram eta YouTube). Era horretan, herritarrek edozein tokitatik jarraitu ahal izango dituzte osoko bilkurak, Interneterako konexioa duen gailu batekin.

Udalbatzak, 2019ko irailaren 25ean egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuen osoko bilkura guztiak streaming bidez edo antzekoen bidez ematea ezartzen zuen mozioa. Horren harira, emankizun hori egin ahal izateko sistema teknologikoekin bilkura-aretoa egokitu ondoren, apirileko ohiko osoko bilkuratik aurrera egingo da.
Ane Beitia alkateak nabarmendu du udal osoko bilkuren emanaldia gardentasuna indartzeko, gai publikoetan herritarren parte-hartzea errazteko eta Elgoibarko toki-administrazioa modernizatzeko bide edo tresna bat gehiago dela.

•Bideo akta, bideo-dokumentu ofiziala
Hala ere, Udalak pauso bat harago joan nahi izan du, eta saio telematikoaren grabazioa ikus-entzunezko akta edo bideo akta bihurtuko dutela aurreratu dute. Grabazio hori, sinatu ondoren, bideo-dokumentu ofiziala izango da. Bilkuraren akta, alde batetik, dokumentu idatzi bat izango da, orain arte egin duten moduan. Bertan, quorumari eta erabakiak hartzeari buruz adierazitako baldintza formalak jasotzen dituzte, eta ez dira aktan jasoko bilkuran egindako eztabaidak eta esku-hartzeak; eta, bestetik, bilkuraren bideo-grabazioa, ikus-entzunezko akta edo bideo-akta, bideokonferentziaren tresnak berak egina eta erabiltzen den prozesu- eta biltegiratze-sistemara esportatua; bi agiri horiek idazkaritzak sinatuko ditu elektronikoki. Editatutako fitxategiak Udalaren webgunean egongo dira eskuragarri, ‘Osoko Bilkurak' atalean.