Udalbus zerbitzua ordainpekoa izango da eguaztenetik aurrera

Barren.eus 2022ko mar. 7a, 18:04

Herri barruan autobus zerbitzua ematen duen Udalbus zerbitzua ordainpekoa izango da martxoaren 9tik aurrera.

Herri barruko garraio zerbitzuaren prezioa bateratzeko planaren berri emateaz gainera, Udalbus zerbitzua eguaztenetik aurrera ordainpekoa izango dela jakitera eman du Elgoibarko Udalak. Bidaia bakoitzeko prezioa euro batekoa izango da, 0,5 € erretiratuek eta desgaitasuna duten pertsonek. Sei urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharko erabileragatik.

Udalbusa Zerbitzua 2020ko abuztuan jarri zuten martxan, Urazandin bi igogailu publiko eraikitzeko lanak hastearekin batera, 2021eko maiatzean. Hasiera batean behin behinekoa zen autobus zerbitzuari jarraipena ematea erabaki zuen Udalak. Jakinarazi dutenez, harrezgero 19.821 bidaia egin dituzte zerbitzu horretan, eta irailean erabili zen gehien, 2.701 bidaiarekin, eta gutxien abuztuan, 1.628 bidaiarekin. Batez beste, 71 bidaia egiten dira eguneko, eta bidaia bakoitzaren kostua 2,5 eurokoa izan da Udalarentzat. Zerbitzuaren urteko kostua, berriz, 64.000 eurokoa da Udalarentzat.
Asteazken honetan, martxoaren 9an, indarrean sartuko diren tarifa berriekin, herritarrek bidaiaren kostuaren % 20 eta % 40 artean ordainduko dutela zehaztu dute, eta Udalak, berriz, gainerakoa finantzatuko du.
Udal Gobernuak adierazi du herri autobusa “tresna baliagarria" dela udalerriak irisgarritasuna hobetzeko dituen mugak gainditzeko, "sustatzen ari garen igogailu publikoak eraikitzea eta kaleen eraberritzeak osatuz". Erabilera egonkorra den arren, zerbitzuaren kostua "handia" dela adierazi dute udal arduradunek. "Gure eredua beti izan da erabiltzeagatiko ordainketarena, baina laguntzak % 50eko deskontuarekin erretiratuentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat. Erabileragatiko ordainketak zerbitzua egonkortzeko balioko du. Zalantzarik gabe, inbertsio handia da elgoibartar guztien ongizatean. Elgoibarri, bere biztanleria kontuan hartuta, ez dagokio hiri barruko autobus zerbitzua izatea. Baina Udal Gobernuak Udalbusarekin udalerri osoaren aldeko apustua egin du, eta, bereziki, auzoen aldekoa. Auzoetako mugikortasuna bermatu nahi dugu, bizilagunei erdigunera hurbiltzen lagundu nahi diegu, horrek eragin zuzena baitu auzoetako bizitzan eta bizilagunen bizi-kalitatean”.

 • Aldaketak Udalbusa zerbitzuan
Eguazten honetatik aurrera Udalbus zerbitzuan aldaketak izango dira: Melitonerako autobus zerbitzua Urazandikoarekin bateratuko da. Zerbitzuaren ordutegia:

  • Astelehenetik barikura: 10:00-13:00 (azken zerbitzua) eta 17:00-20:00 (azken zerbitzua).
  • Zapatuetan: 10:00-13:00 (azken zerbitzua).

Ibilbidea:

  • Puntuan (00 '): Maalako biribilgunea - Herri Eskola – Urazandi bidegurutzea - Urazandi gaina (tontodromoa) – Urazandi bidegurutzea - Maalako biribilgunea - Aita Agirre
  • Eta hogeian (20 '): Aita Agirre - Maalako biribilgunea – Erretsundi – Maalako biribilgunea
  • Terdietan (30 '): Maalako biribilgunea – Meliton – Urazandi bidegurutzea – Urazandi gaina (tontodromoa) – Urazandi bidegurutzea - Maalako biribilgunea

 

∞Lotura duten albisteak: