Epaileak brigadako beharginen aldeko ebazpena eman duela jakinarazi du ELA sindikatuak

Barren.eus 2022ko ots. 11a, 14:33

Herri-lanetako Brigadako beharginek euren lan baldintzak hobetzea eskatu zieten Elgoibarko Udaleko arduradunei, eta eskaerak aurrera egiten ez zuela ikusita, epaitegietara jo zuten. ELA sindikatuak jakitera eman duenez, epaia eman du epaileak eta langileei eman die "arrazoia". "ELA sindikatuak epaiketa irabazi dio Elgoibarko udalari", esan dute.

Azaldu dutenez, ELAko zerbitzu juridikoek otsailaren 3an jaso zuten epaia. "Epaileak brigadako langileei arrazoia ematen dio, eta Udala derrigortzen du legeak ezartzen dituen soldatak ordaintzera, hau da, brigadako langileek jasotzen duten soldata eta egiten duten lanagatik jaso beharko luketenaren arteko aldea ordaintzera behartzen du Udala". Zehaztu dutenez, epaiaren arabera "legearen kontrakoa" den egoera ez da berria. "Urteak daramatzate soldata altuagoa merezi duten lanak egiten. Zoritxarrez, baina, urtebeteko soldaten gaineko erreklamazioa bakarrik egin dezakete, legez. Hortaz, urteotan egindako lanagatik mereziko luketen diru kantitate handia jaso gabe geldituko dira". Kalkulatzen dute urtebetean 3.000 euro inguru gehiago jaso beharko lukeela behargin bakoitzak soldatetan.

 • Hartuemanak onera ekartzeko eskaera
Epaitegira jo aurretik arazoari irtenbidea bilatzeko "hamaika bilera" egin zituztela nabarmendu dute ELAko arduradunek, baina Udalak ez ziela kasu egin. "Horregatik, azpimarratu behar da Udalaren jarrera izan dela langileen kalte ekonomiko hori sortu duena. Langileen aldetik aipatu nahi dugu aurrera begiratu nahi dutela, eta une hau aukera ona izan daitekeela harremanak berbideratzeko. Ikusteko dago Udalak zer egingo duen. Langileen batzordea otsailaren 16an bilduko da Udaleko ordezkariekin. Langileen ikuspuntutik Udalak aukera paregabea dauka urteetan eginiko kaltea konpensatzeko, ahal den neurrian, epaiak ezartzen dituen soldata horiek finkatuta".
Udaletan enplegua finkatzeko lege berria ere hizpide izan du ELAk. "Lege horrek dio udaletan lan arloko arazoetan negoziazioak martxan jarri behar direla, beraz ezinbestekoa izango da lehen aipatutako harremanak hobetzea. Gainera, gogoratu behar da lan baldintzak hobetuz elgoibartarren zerbitzu publikoak ere hobetzen direla eta hauxe da alde biak izan behar dugun helburua".

Soldatena, baina, ez da eztabaidan duten auzi bakarra. Brigadako beharginek salatu dute arduradunik gabe daudela, izan duten azken arduradunak orain dela bi urte erretiroa hartu ostean, haren ordezkorik ez dutelako izendatu. Badute zerbitzuetako buru bat, baina bulegoko lana egiten du bereziki, eta langileekin egongo den arduradun bat behar dute, kalean, "lana antolatzeko eta lantaldeak eraginkortasunez funtzionatu dezan". Gehitu dutenez, lana ez dago ondo sistematizatuta, eta ondorioz, nahasmen handia dago lanak nork eta nola egin behar dituen jakiteko eta ardurak zehazteko.

∞Lotura duten albisteak: