Mendaroko Udalak 3.051.998 euroko aurrekontua onartu du 2022rako, aurtengoa baino %10,42 handiagoa

Barren.eus 2021ko abe. 3a, 19:59

Mendaroko Udalak joan zen asteko Osoko Bilkuran onartu zituen 2022rako aurrekontuak, EAJ-PNV eta PSE-EEren (6) aldeko bozkekin eta EH Bilduren abstentzioarekin (5). Hortaz, 3.051.998 euroko aurrekontua onartu du Udalak 2022rako, iaz baino %10,42 handiagoa.

 Hirigintza atalera bideratu dituzte 1.133.170 euro, %37,13€, Antolakuntza atalera 727.157,50€, %23,83, eta Herritartasunera 1.191.670€, %39,04 (Kulturara 659.640€ eta Gizarte zerbitzuetara 532.030€). Iñaki Arregi alkateak esan du aurrekontu hauekin herria berraktibatzen jarraitu nahi dutela, mendaroarrak erdigunean jarriz, ongizatea bermatuz eta garapen sozial, jasangarria, ekonomikoa zein kulturala bultzatuz. "Oso ondo pentsatu eta landutako aurrekontuak dira, elkarlanean eginak, bizi dugun errekuperazio unean guztiok batera gure herriaren alde lan egitea eskatzen baitu. Une zailak ari gara uzten atzean pixkanaka, eta zuhurtzia osoz baina ausardiaz egin behar dugu aurrera, herriaren garapenerako estrategiko diren proiektuei bidea emanaz eta etorkizuna elkarlanean marraztuz. Covid-19aren pandemia hasi zenetik 2020ko martxoan gure lehentasuna herritarren eta ehun ekonomikoaren babesa izan da, baina herriaren garapena ez dugu albo batera utzi, eta pixkanaka une hartan bigarren plano batean utzi genituen proiektuei bide ematen jarraitzen dugu, garapen jasangarria oinarri, emandako hitza betez”, adierazi du alkateak.
Aurrekontuotan gizarte zerbitzuak eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko ekimen eta proiektuak indartu dituztela nabarmendu Arregik, eta baita proiektu estrategikoei bidea eman dietela ere, hala nola, Maite Maiora Kirolgunea eta ospitalea igogailu batekin lotzea, Azpilgoetako bidearen eraberritzea, kirolgune proiektu parte-hartzailea eta azpiegiturak; zubi berria, etxebizitza berriak edota igerileku estaligabearen proiektuekin aurrera jarraitzea. Aipaturikoak Udalaren finantza egoera "onari" esker gauzatuko dituztela adierazi du. "Kontuak onak dira, orekatuak, baina aldi berean, inbertsio maila altua bermatuko digutenak. Eta hori, herritarrei zerga eta tasarik ia igo gabe. 2022. urterako Foro Funtsaren aurreikuspena esperokoa baino baikorragoa izan da eta udalaren finantza egoera oso osasuntsua da”.
Arregik gainerako talde politikoen ekarpenak eskertu ditu, honela: “elkarlan giroan garatutako kontuak dira 2022koak eta egin ditugun bilera guztiek ideia eta proiektu oso baliagarriak eta baliotsuak azaleratu dituzte, datorren urteko kontuak asko aberastuz”.
394.949 euro inbertsioetarako
Hona Mendaroko Udalak 2022ko aurrekontuetan inbertsioetarako aurreikusi dituen diru-partida garrantzitsuenak:

  • Bake epaitegia: 10.000 €
  • Informatika Prozesuetarako Ekipoak: 5.000 €
  • Kultur etxerako altzariak: 2.000 €
  • Ekipamendu Kulturalak: 1.000 €
  • Gazte Plana: 8.000 €
  • Azpililuetako Kultur Etxea: 1.700 €
  • San Agustin: 1.700 €
  • Haurreskola: 1.700 €
  • Ikastola: 1.700 €
  • Liburutegia: 3.000 €
  • Landa zentro anitza. Eraikinen hobekuntza: 7.000 €
  • Hirigintzako obra txikiak: 20.000 €
  •  Auzoetako hobekuntzak: 20.000 €
  • Irisgarritasuna: Ospitalerako Igogailua: 30.000 €. 900.000 eurorekin finantzatuko da, gerakinetik.
  • Landa guneak: 150.000 €
  • Hilerriko obrak: 10.000 €
  • Baliabide energetiko berriztagarriak: 1.000 €
  • Brigadaren ibilgailua: 60.000 €
  • Brigadako erremintak: 3.000 €
  • Landa lurren mugaketak: 18.149 €
  • Biltegirako altzariak: 5.000 €
  • Etxebizitzetako obren dirulaguntzak: 35.000 €

196.000 euro dirulaguntzetarako

  • Gazteei etxebizitzak alokatzeko: 3.000€.
  • Eskolaz kanpokoetarako: 1.500€.
  • Zaintzarako: 2500€.
  • Begirale-hezkuntza bekak: 600€.
  • Euskaltegiko ikasleentzat: 5.000€.
  • Gazte promesentzat sariak: 600€.
  • Lokal komertzialak irekitzeko: 2500€.
  • Ekingune: 700€.
  • Enplegu sustapenerako: 60.000€.
  • Don Angel beka: 8.000 €.
  • Jubilatuen elkarteko ekintzak: 3.000€
  • Auzo taxia: 5.000€.
  • Etxebizitzetako obretan laguntzak: 35.000€
  • Jai batzordeentzat: 3000€.
  • Guraso elkarteari: 5000€ eskola kirola, 2.600 haurrentzat ekintzak.
  • Musika eskola: 28.000€.
  • MTE: 5.000€.
  • Pilota eskola: 300€.
  • Kilometroak: 300€.
  • Korrika: 1200€.
  • HABE Euskaltegia: 6.000€.
  • Elgoibargo Izarra, Barren: 15.000€.
  • Proyecto Hombre, Atzegi, Odol Emaileak, Deparkel eta Katu Beltz elkarteentzako: 2.250€.

 • EH Bilduren abstentzioa
Mendaroko EH bilduk abstenitzearen arrazoiak eman ditu, eta besteak beste, aipatu du Udal Gobernuarenak baino, oposizioarenak gehiago direla onartutako aurrekontuak: “Udal Gobernu honek ideia berri gutxi aportatzen du, baina besteenak norbere onurarako erabiltzeko bizkor ibiltzen da beti”.
Azaldu dutenez, EAJko Udal Gobernuak agintaldi hasieratik Mendarorako darabilen gobernantza moduak kalte baino ez dio egiten Mendarori. "Aldebakartasunez dihardu lanean, beste udal taldeekin, eta bereziki EH Bildurekin, kolaborazio eremu oro saihestuz. Mendaro bezalako herri txiki batean, ikuspuntuak ikuspuntu, taldeen arteko elkarlana herritarron onurarako ezinbesteko baldintza denean".

Horrez gain, salatu dute aurrekontuak itxita eta negoziatzeko aukerarik gabe aurkeztu zizkietela azaroaren 2an, 20 egun “eskaseko” epean hiru milioi euro nola kudeatu erabakitzeko. "Udalen jardunean dagoen urteko zeregin nagusia, han orduko hemen, bukatuta".
EAJko Udal Gobernuari beste taldeen ideietatik bizitzea leporatu dio EH Bilduk. Besteen ideiak jaso, eta bereak balira bezala kudeatu eta ematen ditu ezagutzera etengabe, Udal Gobernu honek. Udaletxean ezarritako wifi-sarearen kasuan bezalaxe, frontoian irekitako komun publikoen kasuan
bezalaxe, etxebizitzak eraberritzeko dirulaguntzen kasuan bezalaxe, eskolako teilatuan ezarritako panel fotovoltaikoen kasuan bezalaxe, etab. etab.".

Dena dela, adierazi dute EH Bildutik egindako hainbat proposamen sartu dituztela Udal aurrekontuetan nahiz eta beraiek proposatuako kopuru txikiagoak onartu dizkieten gehienetan. "150.000 euro proposatu genituen herrian enplegua sustatzeko dirulaguntzetra eta 60.000 euroko laguntza onatu zuten eta era berean, jarduera espeleologiko eta arkeologikoetarako 3.000 euroko laguntza onartu zuen Udalak, guk gai hori modu zabal batean lantzen hsteko 10.000 euroko dirulaguntza proposatzen dugun arren. Eta beste horrenbeste esan daiteke liburutegian egin beharreko inbertsioez. Zerbitzu hobea eskaintzeko 25.000 euroko inbertsioa proposatu arren, 1.000 euroko laguntza onartu zuen Udal Gobernuak. Uda eraikinetan energia berriztagarrien aldeko apostua egiteko 40.000 euroko diru partida erabiltzea proposatu genuen, baina 1.000 euroko laguntza onartu dute". 

Beste hainbat ekarpen ere egin dituzte EH Bildutik, besteak beste, auzo-taxi zerbitzua mugikortasun arazoak dituztenak osasun zentruetara hurbiltzeko (5.000 €.), Mendaroren herri identitatea indartzeko ekimenak (8.000 €.), etxebizitzetan obrak egiteko dirulaguntzak (35.000 €.) edota familia zaurgarrietako haur eta nerabeei jarduera estraeskolarretarako dirulaguntzak (1.000 €.)

Hala ere, argi dute horrek ez duela bermatzen proiektuak aurrera eramango direla: “esperientziak esaten digu, hauetako proiektu asko bete gabe geratzeko arriskua dagoela”.