2022ko udal aurrekontua modu parte-hartzailean osatzeko eskatu du Elgoibarko EHBilduk

Barren.eus 2021ko urr. 27a, 10:54

2022ko udal aurrekontuetan herritarren parte-hartzea bermatzeko proposamena egin du Elgoibarko EH Bilduk Udalean.

Datorren urtean diru publikoa nola gastatuko den erabaki behar den unea hurbiltzen ari dela adierazi dute ezker abertzaleko arduradunek, eta euren ustez ezin da ulertu herritarrek eskura ditzaketen aurrekontuei buruzko lehen informazioa aurrekontuak onartu ondoren izatea. Horretarako ondorengo eskaera egin diote Udalari: Aurrekontu-proposamena herritar guztien artean zabaltzea, informazio-karpak jarriz edo informazio-liburuxkak banatuz. Aurrekontu-proposamena herritarrei aurkeztea auzo-batzarretan edota arloko-batzarretan, eta azkenik, herritarren proposamenak jasotzeko epea irekitzea, horretarako behar diren bitartekoak jarriz (telematikoak, herritarraren postontzia…).