Gizarte Zerbitzuen alorrean lanean ari diren elkarteen artean 12.000 euro banatu ditu Udalak

Barren.eus 2021ko urr. 14a, 15:29

Elgoibarko Udalak 12.000 euro banatu ditu gizarte ongizatearen arloko eskumenen esparruan jarduerak burutzen dituzten 19 elkarteren artean.

Elkarte horiei zuzendutako 2021eko dirulaguntza deialdia ebatzi berri du Elgoibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak, eta norgehiagoka bidez 12.000 euro banatu dituzte 19 elkarteren artean. Udaletik zehaztu dutenez, dirulaguntzaren %90a jaso dute elkarteek, eta gainerako %10a, dirulaguntza zuritu ostean jasoko dute.

Elkarteok, Elgoibarko Udalarenaz gain, hainbat erakundetako dirulaguntzak jasotzen dituzte euren lana eta proiektuak gauzatu ahal izateko. Proiektuok bultzatzen dituzten zenbait elkarte ez dira Elgoibarkoak, baina elgoibartarrek dituzten edota izan ditzaketen egoerak artatzen dituzte, hori dela eta, sentsibilizazio landu eta herritarren artean ezagutarazteko gutxienez jardun bat egiteko lanketa bultzatzen du Udalak.
Honakoak dira dirulaguntza jaso duten elkarteak eta gauzatuko dituzten proiektuak:

  • AECC, minbizia jasaten duten pertsonen eta beraien ingurukoengan sortzen duten inpaktua arintzeko informazioa, aholkularitza, kontzientzia eta baliabideen kudeaketaz arduratzen da. 466,19 euroko dirulaguntza jaso dute ‘Debabarrenako gizarte arreta 2021’ proiektua garatzeko.
  • BIZI BIDE elkartea: “FM, EM/SFC, SQM eta EHS"-en eraginpean dauden pertsona eta beren familiei arreta multidisziplinarra emateko proiektua garatzeko, 421,79 €.
  • GIPUZKOAKO ELIKAGAI BANKUAk, Elikagaiak xahutzearen kontra, eta zaurgarrienei banatzeko programa 2021 garatzeko, 621,58 €.
  • AGIFES Buru osasun arazoak dituzten pertsona eta haien senideei arreta zuzena programa 2021 garatzeko, 665,98 €.
  • AGIAC-ek “Antikoagulatutako" pertsona eta beren familiei osoko arreta eta autokontrolaren inguruko hitzaldi irekiak 2021 antolatzeko, 466,19 €
  • IZAN FUNDAZIOAk jokaerarekin erlazionatutako adikzioak artatzeko proiektua garatzeko, 688,18 €.
  • ADAHIGI elkarteak, AGHA (TDAH) duten familiei arreta goiztiarra ematea bermatu eta elkartea mantentzeko 554,99 €.
  • AGIPASE Krisian dauden familiei orientazioa eta arreta integrala, 466,19 €.
  • DEPARKEL elkarteari Deparkel Proiektua garatzeko 466,19 €.
  • ASPACE familiei arreta programa 2021 finantzatzeko, 377,39 €.
  • FUND SINDROME DOWN elkartearen eskola jarraipen programa laguntzeko, 421,79 €.
  • NAGUSILANi “Nagusilan Elgoibar, beti zurekin” proiektua garatzeko 960,00 €.
  • ATZEGIko elkartegintza eta familiei laguntza zerbitzua laguntzeko, 688,18 €.
  • GAUTENA Aisialdi programa Elgoibarren, 998,98 €.
  • ASM “Guk ere ahal dugu” Diriamban (Nicaragua) dagoen gizarteratze eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen bizitza kalitatea hobetzeko, 765,88 €.
  • KATTALIN Bularreko minbizia duten emakume eta hauen familiei arreta integrala emateko proiektu biopsikosoziala, 377,39 €.
  • NUALA "Udako Gazte Kuadrilla* Ekimena garatzeko, 1442.96 €.
  • ALCER-GIPUZKOA Arreta psikosozial eta soziosanitarioa giltzurruneko gaitz kronikoa duten pertsona eta familiei (arreta zuzena eta organo emaileen erregistroaren kudeaketa) 554,99 €.
  • Gipuzkoako Itxaropen Telefonoaren zerbitzuak mantendu eta difusiorako 532,79 €.