Brigadako langileek plazara atera dute lan-baldintzak hobetzeko eskaera

Barren.eus 2021ko urr. 8a, 14:47

Elgoibarko Udaleko brigadako beharginek elkarretaratzea egin dute, eguerdian, udaletxe aurrean, Udalari langileak errespetatzeko eskatzen zuen pankartaren atzean.

Brigadako beharginen lan-baldintzak hobetu ezean, urriaren 25ean epaiketa izango dutela jakinarazi zuten ELA sindikatutik, orain dela egun batzuk, brigadako langileen eskaeren berri publiko egin zutenean. Langileen lan baldintzak hobetu arte mobilizazioak egingo zituztela aurreratu zuten eta halaxe egin dute gaur plazan. Beste udal langile batzuek ere batu dira pankartaren atzera.

"Gure lanaren inguruan Udalean egin izan ditugun eskaerek erantzun berdina izan dute beti Udalean: begiratuko dugu. Bai, baina noiz? zazpi urte daramatzagu horrela eta nahikoa dela esan dugu. Ekiteko momentua da", azaldu dute langileek udal arduradunekin duten aferaz.
"Gure arduradunak orain dela bi urte hartu zuen erretiroa eta ez dute haren ordezkorik ekarri. Badugu zerbitzuetako buru bat, baina bulegoko lana egiten du bereziki, eta gurekin egongo den arduradun bat behar dugu guk, kalean, lana antolatzeko eta lantaldeak eraginkortasunez funtzionatu dezan. Izan ere, horrek eragin zuzena du ematen dugun zerbitzuan. Gure lana ez dago ondo sistematizatuta, nahasmen handia edukitzen dugu ailegatzen zaizkigun lanak nork eta nola egin behar dituen jakiteko eta ardurak zehazteko. Herritarrek eginiko eskaera asko oso berandu iristen zaizkigu eta guri kexatzen zaizkigu gero. Eta herritarren haserrea ekartzen du horrek, arrazoi guztiarekin, ez baikara zerbitzu ona ematen ari. Gu peoi soilak besterik ez gara baina. Gure gainetik dauden arduradunei behin baino gehiagotan esan diegu ez garela gauzak ondo egiten ari, eta gure ustez egin beharko litzatekeenaren berri ere eman diegu, ...entzuten dituzte gure esanak, baina ez dute ezer martxan ipintzen. Ez dakit nori dagokion ardura hori hartzea, guri ez, guri esandakoak egitea dagokigu. Kontua da nekatu garela berba egiteaz eta itxaroteaz. Bistan da ez gaudela euren lehentasunen artean. Gure sentipena da barre egin digutela, gutaz aprobretxatu direla, gure lana egiten jarraitu dugulako, ez egiteko aukerarik ere ez dugulako. Haserre egonagatik gure lana egiten jarraitu dugu, gure ardurakoak ez zirela pentsatu arren, gure borontatez", azaldu dute.

Edonola ere, konponbidea topatzeko oraindik ez dela berandu nabarmendu dute eta honako mezua helarazi nahi diete agintariei: "Zain gaude, eskua luzatuta dugu. Epaiketa bat dago, ados. Eguna jarrita dauka, bai, baina penagarria iruditzen zaigu epaitegiraino ailegatu behar izatea. Oraindik garaiz gabiltza konponbidea emateko".

2021 10 08 brigadako langileak elgoibar udala protesta kalegoen 2

2021 10 08 brigadako langileak elgoibar udala protesta kalegoen

∞Lotura duten albisteak: