Mendaroko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearekin, gai informatikoetan aholkularitza eta laguntza jasotzeko

Barren.eus 2021ko urr. 7a, 12:42

IZFE Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea arduratuko da Mendaroko Udalari informatika gaietan aholkularitza eta laguntza emateaz. Era berean, Udaleko langileei laguntza teknikoa eta prestakuntza ere emango die IZFEk. Udalak 17.705,64 euro ordainduko ditu horretarako (BEZ barne).

Oinarrizko zerbitzuez gain, bestelako zerbitzu batzuk ere emango dizkio IZFEk Udalari: bideragarritasun azterketak; tratamendu informatikoa izan dezaketen proiektuak definitzen laguntzea; konponbide informatikoak ezarri aurretik antolamendu azterketak egitea; aplikazioak edo merkatuko soluzio informatikoak eskuratzeko aholkularitza; IKT proiektuen, azpiegitura teknologikoen, informazio sistemen, soluzio informatikoen eta aplikazio espezifikoen zuzendaritza; Udalarentzako softwareak garatzea, Udalaren sareari dagozkion elementuak konfiguratzea, routerra eta zerbitzaria esaterako; Udalari egokitutako prestakuntza programak garatzea eta sor daitezkeen beste beharrei erantzuna ematea. Sinatutako hitzarmena lau urterakoa da, baina luza daiteke, bi aldeek hala nahi izanez gero.