Elgoibarko gazteen emantzipaziorako eskariaren eta beharren diagnostikoa egiten ari da Udala

Barren.eus 2021ko urr. 6a, 13:01

Elgoibarko 18 eta 34 urte bitarteko herritarren emantzipaziorako eskariei eta beharrei erantzuteko diagnostikoa egiten ari da Udala. 500 herritarrei galdetegia egingo diote.

Etxebizitza politika zehazteko eta herritarren beharrak ezagutzeko azterlan bat egingo du Elgoibarko Udalak. Joan den irailean hasi zuten lanketa eta bigarren fasea hasi dute orain. Fase honetan informazioa biltzeaz gainera, 24 eta 34 urte arteko biztaleen "azterketa xehatua" egingo dute. Horren ostean, Elgoibarko 18 eta 34 urte bitarteko biztanleen emantzipazio premiak eta eskariak "sistematizatzeko eta aztertzeko".

 • Bi galdetegi
Informazioa jasotzeko bi inkesta egingo dituzte: bata, oraindik emantzipatu ez diren herriko gazteei; eta bestea, Elgoibarren azken bi urteetan emantzipatu diren gazteei, egoera horren iraunkortasun-maila aztertzeko eta datozen urteetan emantzipatuta jarraitzeko duten aukera aztertzeko. Eustatek 2020an argitaratutako datuen arabera, Elgoibarren erroldatutako 11.540 pertsonen artetik, 1.699 dira 18 eta 34 urte bitartekoak, udalerriko biztanleriaren % 14,7a.

 • Esku-hartzea hiru bideren bidez egingo dute:
1) Abiapuntuko diagnostikoa, estatistika eta administrazio iturrien azterketatik abiatuta (errolda, Eustat, Eusko Jaurlaritzaren estatistika-azterlanak)
2)Inkestak emantzipatutako eta emantzipatu gabeko gazteei (bi esku-hartze desberdin):

  •  1. Inkesta. Emantzipatu gabeko gazteen 300 etxebizitzako lagina hartuko da kontuan, eta 350 gazte ingururi egingo zaie inkesta; izan ere, kasu batzuetan, etxebizitza horietan hainbat anai-arreba biziko dira. Halaber, laginaren % 80 24 eta 34 urte bitarteko gazteek osatuko dute.
  • 2. inkesta. 100 etxebizitzako lagina, non azken bi urteetan jada emantzipatuta dauden gazteak bizi baitira. 150 gazte ingururi egingo zaie inkesta, eta horien artetik % 90, gutxi gorabehera, 24 eta 34 urte bitartekoak izango dira.

Bi laginetan, gazte horiek sexuaren arabera banatuko dituzte, adin-tarte bakoitzean emakumeek eta gizonek duten garrantziaren arabera, inkestarekin sortutako informazioa sexuari eta 24 34 urte bitarteko adin tarteari dagokionez adierazgarria izan dadin.

3) Txostena baliozkotzeko eta ixteko azken lantaldea Elgoibarko Udaleko arduradunekin.

2021 10 05 elgoibar gurrutxaga arraiz udala

 • Beste urrats bat emantzipazio-politiketan
Herritarrek dituzten etxebizitza beharrei erantzutea Elgoibarko Udal Gobernuaren lehentasunetako bat da, "gai estrategikoa" dela adierazi dute udal agintariek. Azaldu dutenez, Elgoibarko Udala jakitun da etxebizitza eskuratzeari lotutako arazoaz, batez ere gazteen, eta, aldi berean, etxebizitza hutsen eta alokairuko etxebizitzen eskaintzaren arazoaz. Hala, 2017an, udalerriko etxebizitza hutsen diagnostiko xehatua egin zuten, etxebizitza huts horiek alokairuaren merkatuan eskainitako etxebizitza bihurtzea helburu zuten politikak aurrera eraman ahal izateko. Aurten, 2021eko azken hiruhilekoan, etxe hutsen azterketa hori eguneratzea da Udalaren asmoa.

Era berean, udal ordezkariek gogora ekarri dute gazteen emantzipazioa bultzatzeko politikak ezartzen ari direla 2017az geroztik, Gaztelagun laguntza-programaren diru-laguntza osagarrien lerro bat sortuz, 18 eta 34 urte bitarteko gazteentzat, baldin eta haien diru-sarrerak programa horretan jasotako gehieneko diru-sarrerak baino handiagoak badira eta 30.000 eurotik beherakoak badira. Laguntza horien bidez, bost urte hauetan, 89 pertsona izan dira hilean 250 eurorainoko laguntzen onuradunak, udalerri barruan etxebizitza bat alokatu ahal izateko, gehienez 3 urterako.

 • Diagnosiaren helburuak
Helburuak lau ardatz nagusitan oinarritzen dira: gazteen emantzipazioa zailtzen duten funtsezko faktoreak eta aldagaiak identifikatzea, haien egoera hobetzeko etxebizitza-politikako neurri eta ekintza egokienak aztertzeko; emantzipazio premia eta eskaera horiek aztertzea, gazteen profil eta talde desberdinak aztertzeko aukera izateko, 24 eta 34 urte bitartekoen kolektiboan arreta berezia jarrita; emakume gazteen egoera bereizia eta haien behar espezifikoak aztertzea, generoaren ikuspegitik; eta etxebizitzen tipologia aztertzea. Informazio osoagoa: elgoibar.eus