472 herritarrek eman dute botoa 2021eko aurrekontu parte-hartzaileetan

Barren.eus 2021ko mai. 25a, 15:23

Prozesuaren bigarren fase honetan hamasei proiekturen artean bost gustukoenei botoa emateko aukera izan dute elgoibartarrek, eta 472 lagunek (189 gizon eta 263 emakume) hartu dute parte.

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, bozketako emaitzak aztertzen ari dira udal politikari zein teknikariak, eta datozen asteetan jakinaraziko dute zein izan diren boto gehien jaso dituzten proiektuak, eta Udalak gauzatuko dituenak, horretarako 200.000 euroko diru-partida bideratu baidute.

Zehaztu dutenez, 2021eko aurrekontu parte-hartzaileen bigarren fasean 255 lagunek online eman dute botoa, eta presentzialki 167k, horretarako jarritako kutxetan eta beste 50ek karpak erabili dituzte euren botoa emateko. Iaz, egitasmo honen bigarren edizioan 779 boto jaso zituzten.

Udalak eskerrak eman dizkie prozesuan parte-hartu duten elgoibartar guztiei eta aurtengoan, bereziki parte-hartzeak izan duen garrantzia azpimarratu du, beste behin, Ane Beitia alkateak: “Covid-19ak sortutako eraginen artean, 2021erako aurrekontuak murriztu egin dira, eta, horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa izan da guretzat herritarren lehentasunak eta beharrak ezagutzea, horiei modu zuzenean erantzun ahal izateko. Gure nahia da Elgoibar hazten eta garatzen jarraitzea eta hori herritarrekin batera, elkarlanean egitea. Proiektu partekatua da Elgoibar”, adieazi du prentsa ohar bidez.

Herritarren ondorengo hamasei proiekturen artean lehenetsi ahal izan dituzte bost gustukoenak:

  1. Udalerriko eserlekuak eta lorategiak berritzea: 18.500 euro.
  2. Udalerriko barandak pintatzea eta egokitzea: 18.500 euro.
  3. Santa Ana - San Roke arteko tunelaren pareta pintatzea: 48.000 euro.
  4. Santa Ana kaleko aparkalekua zolatzea: 115.000 euro.
  5. Herri Eskolaren eta Urazandi kalearen arteko bidea hobetzea: 50.000 euro.
  6. Santa Klarako kantxa berriz zolatzea: 75.000 euro.
  7. Mendi ibilbideak sortzea eta hobetzea: 18.500 euro.
  8. Anbulatorioaren eta Kiroldegiaren arteko egurrezko zubian zoladura aldatzea: 60.000 euro.
  9. Arregitorreko pasealekua hobetzea (pista arrosa): 65.000 euro.
  10. Txakurren aisiarako eremua sortzea: 24.000 euro.
  11. Skate Parkeko ingurunea eraberritzea, harmailak sortuz, tirolina bat jarriz...: 60.000 euro.
  12. Basarteko tenis pista eraberritzea: 28.000 euro.
  13. Giza Eskubideen parkeko haur-parkea estaltzea: 40.000 euro.
  14. Haurrentzako parkea sortzea Pedro Mugurutza 8an: 50.000 euro.
  15. Bide publikoan tratamendu ez-labaingarriak aplikatzea: 18.500 euro.
  16. Santa Ana kaleko sarrerako fatxadan horma-irudia egiteko ideien-lehiaketa antolatzea: 30.000 euro.

2021 04 14 proiektu partehartzaileak botoa emateko elgoibar plazan

∞Lotura duten albisteak: