Errotaberrin igogailua ipintzeko lanak amaitu bitartean Udalbus zerbitzua doakoa izatea eskatu du EH Bilduk

Barren.eus 2021ko api. 30a, 15:01

Udalbus zerbitzuari lotutako erabakietan atzera egiteko eskatu dio EH Bilduk EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuari, "autobus zerbitzu egokia" guztien artean zehaztu eta adosteko gaia dela uste baitu. Gainera, Errotaberriko igogailua eraiki arte Udalbus debaldeko zerbitzua izatea eskatu dute.

Udalbus zerbitzuaren nondik norakoak proposatzerakoan inor kontuan hartu gabe eta alde bakarrez hartu dituela erabakiak leporatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari, eta hori "oso larria" dela adierazi dute. "EAJk eta PSEk osatzen duten Udal Gobernuak, autobus zerbitzuak Urazandira eta Erretsundira mugatzen jarraituko duela adierazi du, eta bidaia bakoitza euro bat kobratuko dutela, 0,5 euro pentsiodunek. EH Bildutik argi daukagu hori ez dela gauzak egiteko modua, eta Udal Gobernuari exijitzen diogu atzera egin dezala bere erabakian, eta denon artean defini dezagula autobus zerbitzu egokia".

Zerbitzuak bete beharko lituzkeen premisak deskribatu ditu EH Bilduk. Lehenik, herri osoari zerbitzua emateko autobus zerbitzua planteatu beharko litzatekeela diote. Bigarrenik, Errotaberriko igogailua eraiki artean, "guk dakigunez 2022ko erdialderako", autobus zerbitzua doakoa izatea mahaigaineratu dute. "Bitartean, Udalak autobus zerbitzua hobetuko luke, herriko beste auzo batzuetara zabalduz, linea berriak martxan jarriz pausuz-pausu". Proposatu dute zerbitzuaren balizko prezioa eztabaidatu eta adosteko erabili daitekeela denbora tarte hori, ordezkaritza duten alderdi politiko guztien artean. Besteak beste, kobratzekotan, ze hobari sistema finkatu eztabaidatzeko. Azkenik, zerbitzuak eskain ditzakeen ibilbide ezberdinak eztabaidatzeko prest agertu dira. Aipaturiko proposamen horiek Elgoibarko udaleko Antolakuntza batzordean azaldu dituztela zehaztu dute.

Zerbitzuaren baldintzak eztabaidatzeko prest daudela azaldu dute. "Autobus zerbitzu hau inbertsio moduan ikusi behar dela iruditzen zaigu, herriari ematen zaion zerbitzu bat da, irisgarritasuna hobetuko duena, auzoak erdigunearekin lotzea lortzen duena eta pertsona helduen sozializazio eta autonomia gehitzen duena. Puntu positiboak baino ez dizkiogu ikusten zerbitzuari, eta herritik kotxeak kentzea lortuko ez badu ere, ziur erabilera murriztea lortuko duela. Autobusa martxan dagoenetik ikusi da oso harrera ona izan duela herritarren artean, eta udalari dagokio zerbitzua arrakastaz garatzea, herritarrentzako egokia eta duina den heinean izango baitu arrakasta, eta erabileran eragina izango du zerbitzuaren ordutegiak, auzo ezberdinak biltzea, e.a. Beraz, udalaren ardura da erabilera igotzeko egokia den zerbitzua martxan jartzea, eta EHBildutik prest gaude zerbitzu horren behin behineko definizioan laguntzeko".