Eibarbusek kudeatuko du Udalbus zerbitzua

Barren.eus 2021ko api. 29a, 09:52

Elgoibarko udalak Eibarko Eibarbus SL garraio enpresari esleitu dio herri barruko autobus zerbitzua, datozen bi urteetarako. Udaletik jakinarazi dutenez, zerbitzuak doakoa izaten jarraituko du "ekaina edo uztailera arte", Udalbus zerbitzua arautzeko ordenantza behin betiko onartu arte.

Eibarbus enpresak lortu du herriko autobus zerbitzu publikoa kudeatzeko behin betiko esleipena, zerbitzuaren lizitazio prozesuan puntuaziorik altuena lortu eta gero, Aldalur Anaiak SL, Arteondo eta Guipuzcoana SL enpresek aurkeztutako eskaintzen artetik. Eibarko enpresak zerbitzua emateko eginiko eskaintza 55.000 eurokoa (BEZ gabe) izan da urteko. Eibarbus maiatzaren 1etik aurrera hasiko da zerbitzua kudeatzen, eta 15 plazako autobusa erabiliko du horretarako. Elgoibarko Udalak joan den martxoan jarri zuen abian Udalbus zerbitzua kudeatzeko lehiaketa publikoaren lizitazioa, behin behinekoa zen autobus zerbitzua mantentzea erabaki eta gero. Urazandin egiten diharduten igogailu publikoak eraikitzeko lanak bukatu arte martxan egotea zen hasierako asmoa.

Orain arte martxan egon den autobus zerbitzua doakoa izan da, baina Udalak zerbitzua arautzeko Ordenantza Fiskaletan aldaketa burutzean kobratzen hasiko dira. Udaletik jakinarazi dutenez, ez da eurreikusten "ekaina edo uztailera arte kobratzen hastea". Izan ere, atzo egin zuten udalbatzarraren osoko bilkuran onartu zuten ordenantza, behin behinekoz, eta hurrengo osoko bilkuran onartu beharko dute behin betiko, indarrean sartu dadin.

Bidaia bakoitzak euro bateko prezioa izango duela adostu zuen udalbatzarrak, adineko eta ezgaituentzako %50eko deskontuarekin. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten Udalbus zerbitzua arautzeko ordenantza. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkako botoa eman zuten. Zerbitzua kobratzeak azterketa eta eztabaida sakonagoa merezi duela esan dute biek.

Zerbitzuaren ezaugarriei dagokionez, Udalbusa erabilgarri egongo da urte osoan zehar, astelehenetik larunbatera, ondorengo ordutegian:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 17:00-20:00
  • Larunbatetan: 10:00-13:00

Larunbat arratsaldeetan, igandeetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik izango eta abuztuan, halaber, goizez bakarrik eskainiko da, jaietako astean izan ezik: egun horietan zehar, zerbitzua goiz zein arratsaldez egongo da erabilgarri. Era berean, Gabon, Gabon Zahar edota horrelako jai egun berezietan aldaketa puntualak izan litezke zerbitzuan eta horien berri aurrez jakinaraziko dute.
Ibilbideari dagokionez, Udalbusak lau ibilbide ezberdin eskainiko ditu:

  1. Orduero puntuan ateratzen den autobusak (10:00 / 11:00 / 12:00…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Herri Eskola–PSE-EEko egoitza–Urazandi gaina (tontodromoa) –PSE-EEko egoitza–Maalako biribilgunea–Aita Agirre
  2. Eta hogeian ateratzen den autobusak (10:20 / 11:20 / 12:20…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Basarte–Erretsundi–Maalako biribilgunea–Aita Agirre
  3. Erdietan ateratzen den autobusak (10:30 / 11:30 / 12:30…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–PSE-EEko egoitza–Urazandi gaina–(tontodromoa)–PSE-EEko egoitza–Maalako biribilgunea–Aita Agirre (3)
  4. Hamar gutxiagotan ateratzen den autobusak (10:50 / 11:50 / 12:50…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Meliton–Maalako biribilgunea–Aita Agirre (4)

∞Lotura duten albisteak: