Elgoibarko Udalak eta Debemenek 2021erako lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta horri esker, 54.905 euroko dirulaguntza jasoko du landa garapenerako elkarteak Udaleko hirigintza, kultura eta sustapen ekonomia sailetik.
Debemenek jasoko duen dirulaguntzatik 30.800 euro urtean zehar Elgoibarren egiten den Baserrikoa ekimenerako izango dira, hilabeteroko ferietara edo Trinitate jaietako larunbateko Nekazaritza eta Abeltzaintza Feriara bideratuko dituzte, besteak beste. Era berean, gainerako 24.105 euroak baserri bideetako arekak garbitzera eta bide ertzetako sasiak mozteko lanetara bideratuko dituzte.
Bestalde, Debemeneko bazkide gisa, Udalak 2021ean 25.865 euroko ekarpena egingo dio elkarteari honek Elgoibarren zein bailara mailan egiten duen jarduna balioan jarri eta indartzen jarraitzeko.