'Udalbusa' mantentzea erabaki du Elgoibarko Udalak, baina, orain, bidaia bakoitzeko euro bat kobratuko dute

Barren.eus 2021ko mar. 24a, 14:35

Urazandi auzoan igogailua eraikitzeko lanek iraun bitartean, herri barrurako autobus zerbitzua jarri zuen martxan Udalak, auzotarren mugikortasun bermatzeko. Orain, lanak bukatzeko gutxi falta denean, autobusak izandako "harrera ona" ikusita, zerbitzua mantentzea eta "hobetzea" erabaki du Udal Gobernuak, eta abian jarri dute zerbitzuaren lizitazioa.

Elgoibarko Udalak jakitera eman du Udalbusa zerbitzua jarriko duela abian. Basarte-Erretsundi, Urazandi eta Meliton batuko ditu zerbitzuak. Geltoki berri bat izango du Errotaberrin, matxuratuta dauden eskilara mekanikoak ordezkatzeko igogailua eraikitzeko lanak amaitu bitartean. Basarten egongo da geralekua, Skate parkearen alboan. Bertako bizilagunen irisgarritasuna bermatzea du helburu.

•Udalbusa zerbitzuaren lizitazioa abian
Herriko auzoen eta erdigunearen arteko mugikortasuna hobetu eta bermatzeko bidean, Udalbusa zerbitzua esleitzeko prozesua martxan dela jakinarazi dute udal arduradunek. Bi urterako kontratua izango da hori, eta gehieneko aurrekontua urteko 70.000 eurokoa izango da (BEZ kanpo).
Zerbitzuaren ezaugarriei dagokionez, Udalbusa erabilgarri egongo da urte osoan zehar, astelehenetik larunbatera, ondorengo ordutegian:

  • Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 17:00-20:00
  • Larunbatetan: 10:00-13:00

Larunbat arratsaldeetan, igandeetan eta jaiegunetan ez da zerbitzurik izango eta abuztuan, halaber, goizez bakarrik eskainiko da, jaietako astean izan ezik: egun horietan zehar, zerbitzua goiz zein arratsaldez egongo da erabilgarri. Era berean, Gabon, Gabon Zahar edota horrelako jai egun berezietan aldaketa puntualak izan litezke zerbitzuan eta horien berri aurrez jakinaraziko dute.
Ibilbideari dagokionez, Udalbusak lau ibilbide ezberdin eskainiko ditu:

  1. Orduero puntuan ateratzen den autobusak (10:00 / 11:00 / 12:00…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Herri Eskola–PSE-EEko egoitza–Urazandi gaina (tontodromoa) –PSE-EEko egoitza–Maalako biribilgunea–Aita Agirre
  2. Eta hogeian ateratzen den autobusak (10:20 / 11:20 / 12:20…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Basarte–Erretsundi–Maalako biribilgunea–Aita Agirre
  3. Erdietan ateratzen den autobusak (10:30 / 11:30 / 12:30…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–PSE-EEko egoitza–Urazandi gaina–(tontodromoa)–PSE-EEko egoitza–Maalako biribilgunea–Aita Agirre (3)
  4. Hamar gutxiagotan ateratzen den autobusak (10:50 / 11:50 / 12:50…) ondorengo ibilbidea egingo du: Aita Agirre–Maalako biribilgunea–Meliton–Maalako biribilgunea–Aita Agirre (4)

Udalbusa zerbitzua momentuko osasun, higiene eta segurtasun neurrietara egokituta eskainiko dutela zehaztu dute, "erabiltzaile ororen segurtasuna bermatzeko".

2021 03 24 autobusa herrikoa geralekua aitagirre

 • Ia 12.000 erabiltzaile lau hilabetean
Orain arte martxan egon den zerbitzuaren inguruko hainbat datu kaleratu ditu Udalak. Zerbitzuaren erabiltzaileak (azaroaren 2tik martxoaren 13ra bitartean) 11.961 izan dira, eguneko bataz beste 109 bidaia. Datu horiek ikusita, apiriletik aurrera ere zerbitzua mantentzea erabaki du Udalak. “Bilakaera gertutik jarraituko dugu Udalbusaren jasangarritasuna bermatzeko eta zerbitzua herritarren beharretara ahalik eta gehien egokitzen joango gara. 15 plaza dituen autobus batekin ekingo diogu, ibilbidearen arabera, 10 edo 20 minutuko maiztasunarekin, astegunetan zein larunbat goizetan”, azaldu du Ane Beitia Elgoibarko alkateak, prentsa ohar bidez.
 • Euro bat bidai bakoitzeko; 2,5 euro kostu erreala
Alkateak nabarmendu du Udalbusa apustu “oso garrantzitsua” dela Udalarentzako: “Inbertsio nabarmena da elgoibartar guztien ongizatean. Elgoibarri, duen biztanleria kontuan izanda, ez dagokio herri barruko autobus zerbitzua izatea. Baina Udal Gobernuak herri osoaren eta bereziki, auzoen alde egin du apostu Udalbusarekin. Auzoetako mugikortasuna bermatu nahi dugu, auzotarrei herrira gerturatzeko erraztasunak eman, zuzenki eragiten baitu horrek auzoen bizitzan eta auzotarren bizi-kalitatean”.
Bide horretan, adierazi du erraztasunak eskainiko dituela Udalak tarifei dagokienean: Bidaia bakoitzak euro bateko prezioa izango du, adineko eta ezgaituentzako %50eko deskontuarekin. Prezioak, behin Udalak Ordenantza Fiskaletan aldaketa burutzean jarriko dira indarrean. Kostuaren zati handi bat udalak bere gain hartuko du, bataz beste 2,5€ko kostua izanik bidaia bakoitzak, kostu honen %60 Udalak ordainduko du.
 • Irisgarritasun baldintzak
Horrekin batera, zerbitzua herritar orok erabili ahal dezan, autobusak irisgarritasun baldintza guztiak beteko ditu eta gurpildun aulki batentzako lekua izango du. Horri lotuta, erabiltzaileren batek, edozein mugikortasun arazo medio, ohiko geralekuan behar bezala jaitsi ezin badu, geraleku ofizialetatik gertu dagoen ibilbideko punturen batean jaistea eskatu ahal izango du. Helburua da zerbitzua herritar orori egokitzea eta herritar orok erabili ahal izatea.
 • Lurraldebusi proposamena
Auzoetako mugikortasunarekin lotuta, "auzotarrak era erosoan herri erdigunera gerturatzeko helburuarekin", Eulogio Estartako (Sigma) etxebizitzak, San Pedroko etxeak, Arriaga auzoa eta Altzola zeharkatzen dituen Lurraldebus zerbitzuaren prezioak 3.tarifan kokatzeko proposamena luzatu dio Udalak Gipuzkoako Garraio Agintaritzari. Honela, Elgoibarren hasi eta bukatzen diren bidaiak prezio murritzagoan egin ahal izango dituzte. “20 minuturo eskaintzen den zerbitzua izanik, Udalak bidaiarien prezioaren zati bat ordaindu nahi du horrela, inguruko auzotarrek erdigunera gerturatzeko erraztasunak emanez, eta autoaren erabilera ekidite aldera” adierazi du alkateak.

∞Lotura duten albisteak: