Landa-bideei buruzko ordenantza berrikusteko eskatu dio baserritar talde batek Mendaroko Udalari, “modu desegokian” onartu zelakoan

Barren.eus 2021ko mar. 4a, 18:06

Abuztuaren 18az geroztik indarrean dago Mendaron landa-bideen erabilera berezia arautzeko ordenantza, eta ari da zeresana ematen. Aste honetan bertan, ordenantza berrikusteko eskatu dio Udalari baserritar talde batek (baserritarren %75 inguruk sinatu dute agiria), “modu desegokian” onartu zelakoan.

Baserritarrek jaso dute ekainean batzar batera deitu zuela Udalak auzo bakoitzeko ordezkari bat eta batzar hartan bigarren bat egitekotan gelditu zirela baserritar guztiekin, baina bigarren hori ez zela egin eta tarte horretan, “opor giroa baliatuta”, onartu zuela Udalak ordenantza berria, “baserritarren hitza entzun gabe”. Ez daude konforme ordenantza onartzeko moduarekin, ezta ordenantzan jasotako hainbat konturekin ere.

 • Agiria sinatu dutenen arrazoiak
Ordenantzak dio beldar-ibilgailuek, katedunek, ibilgailu arrastatzaileek, 26 tona baino gehiagokoek, atoidun kamioiek eta trailerrek debekatuta dutela landa bideetan ibiltzea baimen berezirik ezean, lurraren zoladura eta arekak (kunetak) hondatzen direlako. Baserritarrek onartzen dute pinua ateratzean landa-bideek kalteak izan ditzaketela eta onartzen dute tasa bat ordaindu beharra ere horregatik, baina ez dute uste ordenantza berriak irtenbide onik planteatzen duenik. Udal ordenantzaren helburua basotik ateratako egurraren garraiorako egin behar diren bidai kopurua eta atera behar diren material tona handiak kontrolatzea izanda, baserritar talde honek ez du ulertzen Udalak atoidun kamioiak erabiltzea debekatu izana. Eta bi arrazoi eman dituzte: batetik, atoirik gabeko kamioiak garraio ahalmen txikiagoa duela, eta horregatik bidaia gehiago egin behar dituenez, gehiagotan zapaldu behar duela lurra. Eta bestetik, zenbat aldiz bidaiatzeaz gain, zenbateko pisuarekin bidaiatzen den ere ikusi behar dela uste dute baserritarrek, zoladurari egiten zaion kaltea neurtzeko. Eta datuak eman dituzte. Kamioiak 16 tona inguruko pisu gordina izaten du eta 10 tona egur garraiatzeko aukera. Beraz, baimendutako kargarekin, guztira 26 tonako pisua izango luke hiru ardatzetan. Atoiak aldiz, lau tona pisatzen ditu, eta 10 tona egur garraia ditzake. Horri kamioiaren pisua batuta, 40 tona hartuko lituzke guztira atoidun kamioiak bost ardatzetan, eta bost ardatzok frenatzen dute. “Beraz, atoidun kamioiak bezainbeste egur jaitsi ahal izateko, kamioi soilarekin bidai kopuru bikoitza egin behar da, eta gainera, guztira, pisu handiagoz zanpatzen da lurra (%40koa da gain zama). Beste aldagai bat ere aipatu dute kontuan hartzeko: Ibilgailuaren ardatz kopurua, “ardatz kopuruaren arabera lurra gehiago edo gutxiago zanpatuko delako”. Horren harira ohartarazi dute zanpatua txikiagoa dela atoia erabilta, gurpilak ardatzetan banatzen direlako eta hein batean gurpilak direlako lurra zapaltzen dutenak. Atoidun kamoiei ezarritako debekuaren harira beste gogoeta bat ere egin dute: “Atoirik erabili ezin dutenez, arriskua dago egur zaleek kamioiak behar baino gehiago kargatzeko, bidaia kopurua gutxitu ahal izateko. Nork zainduko du? Hartu al dute kontuan horrek sor dezakeen arriskua?” Eta gehitu dute: “Atoidun kamioia erabiltzea baimentzea eskatzen dugu, arekak kaltetzen ez diren lekuetan”.
Tasak zehazteko irizpidearekin ere ez daude konforme. Kamioiak egin beharreko distantziaren eta mendi-sailaren hektareen arabera zehaztu dituzte tasak, eta agiria sinatu duten baserritarrek uste dute ordaindu beharreko tasa berdina izan beharko litzatekeela guztientzat. Hirugarren puntu bat ere jaso dute kontuan hartzea nahiko lituzketenen artean: Gaitzak jotako 30 urtez beherako pinudiak botatzeagatik tasarik ordaindu beharrik ez izatea.