Ane Beitia: “Eremu gorritik atera gara, baina erantzukizunez jokatzen jarraitu behar dugu”

Barren.eus 2021ko ots. 26a, 15:49

Covid-19ak herriz herri duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoan eremu gorritik atera da Elgoibar, baina Elgoibarko alkate Ane Beitiak arduraz eta erantzukizunez jokatzeko eskatu die herritarrei, Udaletik zabaldu duten mezuan.

“Datuak, pixkanaka, hobetzen doaz, baina ezin gara erlaxatu. Egoerak, oraindik, larria izaten jarraitzen du. Herritarrei eskatu nahi diet, berriz ere, arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, osasun-neurri guztiak betez. Ez genuke azken egunotan guztien ahotan ibili den irudirik ikusi nahi beste behin", esan du.

Guztion osasuna dela jokoan dagoena ohartarazi du, eta gakoa "lankidetza" dela: "guztiok segurtasun eta prebentzio neurri oro betetzea, alegia".
Osasun alorreko profesionalak pandemiari nola erantzuten ari diren ere goraipatu du alkateak. "Azpimarratu eta txalotu nahi dut, noski, pandemiari osasun alorreko profesionalak ematen ari diren erantzun aparta, baina ere, herri mailan, ostalaritza edota Udaltzaingoa zein Ertzaintza burutzen ari diren lana".
2020ko martxoaz geoztik guztiok egin beharreko ahalegina handia izaten ari dela nabarmendu du Ane Beitiak, baina ahalegin horretan jarraitu beharra dagoela uste du, eta hala eskatu die herritarrei, "elgoibartar guztiok pandemia honetatik elkarrekin atera gaitezen, inor bidean utzi gabe. Eta hori bat eginik soilik lortuko dugu. Ardura indibiduala da, baina elgoibartar guztiongan du eragina. Nire eskerrak elgoibartar guztiei”.