Erabiltzaile gehien dauden ordu tarteetan autobusaren zerbitzua indartzea eskatu du EH Bilduk

Barren.eus 2021ko ots. 26a, 15:35

Elgoibarko EH Bilduk jakitera eman duenez, Udaleko gobernu taldeari eskatu dio Urazandiko igogailua jartzeko lanak egiten diren bitartean inplementatutako herri autobusaren erabilerei buruzko azterketa bat egin dezala, ikusten baitu puntako orduetan ematen den zerbitzuak "ezin duela dagoen eskaria xurgatu".

Erabiltzaile gehien dauden ordu tarteetan autobus zerbitzua indartzea proposatu du EH Bilduk. Ildo horretan, gogorarazi du gobernu-taldeak konpromisoa hartu zuela, "EH Bilduk bultzatuta", Elgoibarren auzo guztiak barne hartuko lukeen autobus integraleko zerbitzu bat ezartzeko aukerari buruzko ikerketa bat egiteko, eta gai hori alde bakarrez baztertuta geratu zela adierazi dute, "gobernu taldeak horretarako sortutako alderdien mahaia haustea erabaki zuenean".

EH Bilduk "Herribusari" buruzko ikerketa zertan den jakin nahi du eta horretarako galdera bat aurkeztu dio gobernu taldeari. "Idatzizko galderan, EH Bilduk gogorarazi du batzorde batean gobernu taldeak HerriBusa martxan jarri aurretik azterketa bat egiteaz hitz egin zuela. Beraz, azterketa hori zein fasetan dagoen jakin nahi dugu". Era berean, Urazandiko autobus zerbitzuaren erabiltzaile kopuruari buruzko datuak eskatu dizkio ezker subiranistak udal gobernuari. Aldez aurretik azterketak egin behar direla ulertu arren, EH Bilduk uste du "HerriBusa" bideragarritasun kontuetatik haratago doala, Elgoibarko herritar askoren oinarrizko beharrei erantzuten dien zerbitzua izango litzatekeelako eta, gainera, tokiko ekonomian kuantifikatzen zailak diren onurak ekar ditzakeelako. "Oso gutxi dira ekonomikoko errentagarriak diren garraio publikoak", adierazi dute.

Azkenik, EH Bilduren ustez, Urazandiko autobus zerbitzua asteburu osora zabaltzeko aukera aztertu beharko litzateke. Ezker subiranistaren ustez, zerbitzu hori egongo balitz herritarrek erabiliko lukete.

2021 02 26 elgoibar autobusa ehbildu

∞Lotura duten albisteak: