Ia %20 txikiagoa izango da aurtengo udal aurrekontua

Barren.eus 2021ko urt. 27a, 20:41

Osoko Bilkurak 2021erako udal aurrekontua onartu du gaur arratsaldean, EAJren eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin, eta hortaz, Elgoibarko Udalak 16.940.000 euroko aurrekontua izango du aurten, iazkoa baino ia %20 txikiagoa, 2020. urteko gastu erreala 20 milioi ingurukoa izan zela azaldu baitute. EHBildu eta Ahal Dugu alderdiek aurrekontuen kontra bozkatu dute. 

 2021eko udal aurrekontua izan dute hizpide gaur arratsaldean osoko bilkuran, eta EAJren eta PSE-EE alderdien babesarekin egin du aurrera aurrekontu proposamenak. Ia 17 milioi euroko aurrekontua onartu dute, beraz. Ane Beitia alkateak eta Atsegin Uzuriaga zinegotziek prentsa agerraldian azaldu dutenez, hiru funts nagusi betetzera bideratu dute aurtengo aurrekontua: herritarren babesa eta ongizatearen bermea, garapena alor sozial, ekonomiko, kultural eta jasangarria, eta Elgoibarren etorkizuneko zimendu eta proiektuen sustapena. Kirol Patronatuak, bestalde, 1.260.000 euroko aurrekontua izango du, eta Udalak %64an lagunduko dio aurten, 810.000 eurorekin, hain zuzen ere. 

• Aurrekontua, sailka

  • Barne Saila - 2.548.026,92 €
  • Kultura - 1.705.176,59 €
  • Gizarte ongizatea - 1.163.300 €
  • Hirigintza - 6.341.872,07 €
  • Ogasuna - 122.800 €
  • Gazteria - 339.200 €
  • Berdintasuna - 40.000 €

 • 2021erako inbertsio nagusiak
Aurrekontuak sailka aztertuz gero, Hirigintza Sailak hartzen du zatirik handiena, 6.341.872,07 euro, hain zuzen ere. Inbertsioen atalera 2.480.000 euro bideratu dituzte (iaz ia 4 milioi euro izan ziren), eta hauek izango dira aurtengo inbertsio nagusiak: 

  • Igerilekuen handitzea..............................................................1.000.000 €
  • Kiroldegi alboan igogailu publikoa eraikitzea.............................325.000
  • Kaleen konponketa eta hirigintza lanak......................................260.000
  • LED argiteria...............................................................................260.000
  • Arriaga  urbanizatzeko 2.fasea (1. fasea egina dago).................250.000
  • Herritarren parte-hartze prozesurako partida..............................200.000
  • Landa eremuan lanak egitea......................................................180.000
  • Proiektuak idaztea (King-Kong-en hasiera, tartean....................120.000

2021 01 27 igerilekua handitzeko obra

 • Irisgarritasuna hobetzeko inbertsioak
Herriaren irisgarritasuna honetzeko asmoz, hainbat lan egitea aurreikusi du Udalak urte honetan. Alor honetan ondorengoak aipatu ditu Udalak: Urazandiko igogailuaren ondoren, San Roken ere beste igogailu bat egingo dute; King-Kong-eko zubiaren proiektua ere hasiko dute; Pedro Mugurutzako bizilagunekin parte-hartze prozesu bati ekingo diote, eskolak zaharrak botatzeko proiektua idazteko asmoz; landa auzoetan ere hobekuntzak egiteko konpromisoa erakutsi dute, herriko espaloiak konponduko dituzte eta Maltzagarako bidegorrian komun bat jarriko dute, Elgoibarko aldean. Herriko argiteria hobetzea ere aurreikusi du Udalak, “puntu beltzak ezabatzeko”.

 • Igoera handiena, gizarte zerbitzuetan
Gorakadarik handiena Gizarte Zerbitzuen Sailak izan du, eta iazkoarekin alderatuta %5,5ean handitu dute Sail honen aurrekontua, 60.000 euro gehiago, alegia. Maialen Gurrutxagak esan duenez, ahulenei laguntzeko apustu “sendoa” egin du Elgoibarko Udalak. Hauek dira nabarmendu dituzten gorakadak:

  • Etxez etxeko zerbitzua...................................175.000 eurotik 190.000 eurora.
  • Bazterketa egoerei lotutako programak.........118.00tik 173.000ra
  • Gizarte larrialdiak........................................... 200.000
  • Haur nerabe eta familientzako programak......75.000 (iaz bezala)
  • Osasun programak.........................................27.000 (iaz bezala)
  • Elkartegintzako laguntzak mantendu egin dituzte

 • EHBildu eta Ahal Dugu, kontra
EHBildu eta Ahal Dugu alderdiek aurrekontuen kontra bozkatu dute, eta biek arrazoi berbera eman dute kontrako botoa azaltzerakoan. EHBilduren ustez aurrekontuak aurreko urteetakoen berdinak dira, eta euren iritziz, koronabirusak baldintzatutako ezohiko egoera honek ezohiko aurrekontuak eskatzen ditu. Ahal Duguk ere gauza bera uste du, eta esan dutenez aurrekontu hauek ez daude pandemia egoera batera moldatuta. Bai EHBilduk eta baita Ahal Duguk ere azken unera arte PSE-EErekin akordioa lortzeko itxaropena izan dute, eta “penaz” hartu dute “beste behin ere” oposizioko alderdiak akordio batera ez iritsi izana.

Barikuan banatuko dugun BARREN astekariaren alean irakurri ahal izango dituzue alderdien balorazioak.

∞Lotura duten albisteak: