Udal aurrekontuen gaiarekin "kea saltzea" leporatu dio Elgoibarko PSE-EEk EHBilduri

Barren.eus 2021ko urt. 26a, 15:02

Elgoibarko PSE-EEren ustez, EHBilduk "adarra jotzen" die Elgoibarko herritarrei, "Udal aurrekontuen alternatiba bat dutela ikusarazten saiatzen baita". "Egin duten gauza bakarra da  osoko zuzenketa bat aurkeztea". Horren harira zehaztu du zuzenketa horretan EHBilduk ez diela eskatu jeltzaleei beste proiektu bat aurkezteko ere.

PSE-EEk dio udal gobernuaren aurrekontu proiekturen kontra bozkatuta, EHBilduk 2019ko azaroan 2020rako onartu ziren aurrekontuak luzatzea baino ez duela lortzen, eta orduan inork ez zuela aurreikusi Covid-19aren krisi hau iritsiko zenik. "Harritu gaitu ikusteak ez dakitela aurrekontuak onartzen diren bezala luzatu ere egin daitezkeela, pandemiari eta ondorengo krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko iaz iraun zuten kreditu-aldaketak sartu gabe". Egungo egoeran, elgoibartarrek euren beharretara egokitutako aurrekontuak lehenbailehen onartzea behar dutela uste du PSE-EEk, prentsa ohar bidez azaldu duenez.

PSE-EEko zinegotzi Ariana Nogalesek dio Udal Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektua ez dela horren txarra izango, "EH Bilduk zortzi zuzenketa besterik ez dituenean aurkeztu ia 17 milioi euroko udal-aurrekontu proposamenari". Zuzenketa horien "izaerarekin" bat etor daitezkeen arren, ezin dutela horien aldeko botorik eman aurreratu du, "ez daudelako ondo aurkeztuta". "Besteak beste, diru partida handiak proposatzen dituzte, baina horietan nahastuta ageri dira aurrekontuko beste kapitulu batzuei dagozkion gastuak. Horrez gainera, partida batzuk neurrigabe puztea proposatu dute, udal teknikariek, herritarren beharrak gertutik ezagutzen dituztenek horretarako beharrik ikusten ez dutenean. Herri barrurako autobusa ezartzea ere proposatzen dute, ados gaude horrekin, baina txosten tekniko bat egitea, eta azterketa ekonomiko bat, beharrezkoak direla uste dugu, egitasmo hori bideragarria den jakin ahal izateko".
Amaitzeko, PSE-EEK uste du "une txarrak" pasatzen ari diren Elgoibarko bizilagunek ez dituztela behar "uneoro konfrontazioan" dauden alderdiak. "Arduratsuak izan behar gara, herritarrek alderdion arteko adostasuna eskatzen dute, denon artean akordioak lortzeko. Krisi garaietan izan behar dugu alderdiok erantzukizun eredu".

∞Lotura duten albisteak: