2023ra arte indarrean egongo den Berdintasun Plana onartu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2020ko abe. 18a, 09:52

Udalaren Osoko Bilkurak 2020-2023 epean indarrean egongo den IV. Berdintasun Plana onartu du, eta, dagoeneko, bukatu da alegazioak egiteko epea.

Plan berriak lau ardatz nagusi izango ditu: berdintasunaren aldeko gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; ekonomiak eta gizarte-antolakuntza eraldatzea eskubideak bermatzeko eta, azkenik, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak. 

Plana egiteko, bi fasetan antolatu dira: 2019ko irailetik abendura arte, III. planaren ebaluazioa eta diagnostikoa egin zuten, eta 2020ko urtarriletik ekainera plana diseinatu zuten. Lortutako emaitzarekin “oso pozik” geratu direla adierazi du Maialen Gurrutxaga Berdintasun zinegotziak, plan berriak “2023ra arteko bide-orria zehazten digulako, eta arlo honetan aurrerapauso handiak ematea ahalbidetuko digulako”.
Gurrutxagak dioenez, Covid-19aren ondorioz, planaren sortze prozesua hasiera baten aurreikusitakoa baino luzeagoa izan da, baina, era berean, gizon eta emakumeen arteko desorekak, "pandemiak inoiz baino ageriago utzi dituenak", aztertzeko eta hauei aurre egiteko estrategiak egungo egoerara egokitzeko aukera eman du.
IV. Berdintasun Plana egiteko, bi fasetan antolatutako prozesua garatu dute 2019-2020 bitartean. 2019ko irailetik abendura arte, III. planaren ebaluazioa eta diagnostikoa egin ziren, eta 2020ko urtarriletik ekainera bitarteko epea, plan berria diseinatzeko baliatu da. “Prozesu guztia parte-hartze bideen bitartez” egin dela nabarmendu dute udal ordezkariek.