Tokiko Berdintasun Politikak sustatzeko lan saioan hartu du parte Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2020ko urr. 29a, 13:35

Foru Aldundiak antolatuta, Tokiko Berdintasun Politikak sustatzeko lan saioan parte hartu zuten Gipuzkoako hainbat Udalek, tartean, Elgoibarkoak. Ane Beitia alkateak berak hartu zuen parte mahai inguruan, Maribi Joaristi Oiartzungo Udaleko Idazkariarekin eta Karmele Gomez Zumaiako Berdintasunerako teknikariarekin batera. Elgoibarko Emakumeen Etxearen inguruko proiektuaren berri eman zuen Elgoibarko alkateak.

Foru Aldundiaren programetan parte hartu duten zenbait udalen esperientziak partekatu zituzten bilera birtual honetan; eta, besteak beste, berdintasuna zeharka lantzearen ideia izan zuten ardatz. Ildo honetan, Udalaren hurrengo erronka Elgoibarko Emakumeen Etxea definitu eta zabaltzea izango dela nabarmendu zuen alkateak. Elgoibarko Udalak Emakumeen Kontseiluarekin eta herriko beste hainbat taldetako eta arlotako emakumeekin elkarlanean diseinatu du Emakumeen Etxea. 

Aldundiaren zerbitzuetan 2020-2022. urteetarako ezarri diren berrikuntzen berri ere eman zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako lan saioan, eta erronka nagusietako bat izango denaz ere berba egin zuten, alegia, udalek beraien prozedura administratibo guztietan genero ikuspegia barneratzeko elkarlanerako lan esparru bat sortzea, eta horretarako, lurraldeko udaletako idazkari eta kontu-hartzaileekin batera lan egingo dute.