Europako Bikaintasunaren Zigilua eskuratzeko prozesua abiatu du Elgoibarko Udalak bigarrengoz

Barren.eus 2020ko urr. 5a, 11:48

Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren Bikaintasuneko Europako Zigiluak (European Label of Governance Excellence, ELoGE) gobernantza ona eta kalitate demokratikoa neurtzen ditu. Elgoibarko Udala orain hiru urte ere saiatu zen aitorpena eskuratzen, eta bigarren saiakera egingo du. Prosezu horretan, besteak beste, inkesta bat egingo diete elgoibartarrei.

Gobernantza Onaren arloan Europan abangoardian dauden lehen 200 udalen artean sartzea lortu zuten, 2017an, Gipuzkoako eta Bizkaiako bost Udalek: Irun, Urnieta, Basauri, Emua eta Leioa. Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta Europako Kontseiluak bultzatutako proiektu pilotuaren ekimenaz eskuratu zuten aitorpena. Eudelek bederatzi udaletan bultzatu zuen poiektua 2017-2018 aldian, horien artean Elgoibarko Udalean. Lehen saiakeran Europako Bikaintasunaren Zigilua lortu ez zuten Udalek bere gain hartu dute proiektua eta autoebaluazio prozesu zorrotz bat egin dute tokiko gobernantzaren kalitatea neurtzeko.

 • Bi galdetegi

Elgoibarko Udalak jakitera eman du hurrengo deialdian hautagai izateko aukera izango duela. Horretarako, eta lehen urrats gisa, Grupo Betean aholkularitza zerbitzuaren bidez, bi galdetegi prestatu dituzte, bata udal gobernuko eta oposizioko zinegotzientzat, eta bestea herritarrentzat. Galdetegiko galderak gobernantza onaren Europako 12 printzipioei (besteak beste, gardentasuna, parte-hartzea, portaera etikoa, efikazia eta efizientzia, finantza-kudeaketa osasuntsua, berrikuntza, berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasuna) buruzko adierazle-multzo batean oinarrituta daudela jakinarazi dute, eta udalaren gobernu-kalitatea neurtzea da inkesta hauen helburua. Betean taldeak berak jaso eta aztertuko ditu galdetegien emaitza guztiak.

Udaleko agintariek azaldu dutenez, Europako Bikaintasunaren Zigiluaren helburu nagusia tokiko eragileen ekintzak "mobilizatu eta sustatzea" da, herritarrek gobernantza on eta demokratiko batez goza dezaten, zerbitzu publikoak etengabe hobetuz, herritarren parte hartzearekin eta espero bezalako ordezkari politikoekin.
"Gobernu ona eta kalitate demokratikoa funtsezko bi printzipio dira guretzat. Horregatik, udal-kudeaketa pixkanaka hobetzen joatea nahi dugu, bai tokiko gobernantzaren kalitateari dagokionez, bai eraginkortasunari dagokionez, barnera zein kanpora begira hobekuntzak artikulatzeko metodologiak eta tresnak ezarriz, eta elgoibartarrekin partekatuz", adierazi du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.

2020 10 05 elgoibar udala bikaintasuneko europako zigilua ELoGE 2