Herrirako autobus zerbitzu osoa jartzeko eskaera egin du EHBilduk eta eskaera hori aztertzeko konpromisoa hartu du Udalak

Barren.eus 2020ko ira. 30a, 13:19

EH Bilduk jakitera eman duenez, Udal Gobernu taldearen konpromisoa lortu dute Urazandiko autobus zerbitzua mantentzeko eta gainerako alderdiekin batera autobus zerbitzu integrala ezartzeko aukera aztertzeko, "2021ko aurrekontuak onartu aurretik".

EH Bilduk aurkeztutako mozio bat eztabaidatu behar zuten gaur arratsaldeko Udalbatzarraren osoko bilkuran (18:30ean). Mozio horretan, udal-gobernuari zenbait eskaera egiten dizkio EH Bilduk, besteak beste, Urazandiko bizilagunentzako autobus-zerbitzua mantentzea igogailu publikoa jartzeko lanak luzatu bitartean, eta "Elgoibarren autobus-zerbitzu integrala ezartzeko aukera aztertzea, udalerri osoa barnean hartuta". EHBildutik azaldu dutenez, Udal gobernuak mozioa bertan behera uzteko eskatu zien. Eskaera hori onartu egin dute, eta hortaz ez dute aurkeztuko. Horren truke hainbat konpromiso hartuko ditu Udalak bere gain, EH Bilduk zehaztu duenez. Batetik, Urazandiko autobus zerbitzua obrak amaitu bitartean mantendu egingo dute, eta, bestetik, gainerako alderdiekin batera autobus zerbitzu integrala ezartzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu dute, 2021eko aurrekontuak onartu aurretik.

EH Bildu pozik da gobernu-taldeak "iritzia aldatu" duelako udalerrian Elgoibarko auzoetara iritsi eta bertako bizilagunak erdigunera eta bertan dauden zerbitzuetara hurbilduko dituen autobus-zerbitzua izateko aukeraren inguruan. Ezker subiranistaren ustez, garraio-zerbitzu publiko hori ezartzeak “nabarmen” hobetuko lituzke erdigunetik urrunen dauden auzoetan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak, batez ere mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonenak. Helburua, beraz, erdigunean dauden zerbitzu publikoak auzoetako jendeari hurbiltzea litzateke. Era berean, laguntza handia izango litzateke hainbeste zailtasun dituzten erdiguneko saltokientzat, zentrorako sarbidea askoz ere eskuragarriagoa izango bailitzateke. Hori guztia dela eta, EH Bilduk uste du inbertsio “onuragarria eta beharrezkoa” dela autobus-zerbitzu integral bat ezartzea, Elgoibarko herritarren bizi-kalitatea hobetuko lukeelako eta udalerriko erdiguneari bultzada berri bat emango liokeelako, "pixkanaka gainbehera egiten ari baita".

∞Lotura duten albisteak: