2020ko udal aurrekontuak 1,8 milioi eurotan murriztea onartu du Udalbatzarrak

Barren.eus 2020ko uzt. 23a, 08:54

Elgoibarko Udalak iazko azaroan onartutako 2020ko udal aurrekontuak (18,79 milioi euro) egungo egoerara egokitu ditu, eta 1,8 milioi euroan murriztu dute aurtengo aurrekontua.

Eguazten arratsaldean egindako osoko bilkuran 2020. urteko aurrekontua koronabirusaren izurriak eragindako egoera berrira egokitzeko proposamena izan zen aztertutako gaietako bat, eta Udalbatzarrak ontzat eman zuen, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkako botoak eman zituzten.
Honenbestez, 2020ko udal aurrekontua 1,8 milioi euro murriztea erabaki dute, eta 17 milioi euro ingurukoa izango da aurrekontu eguneratua. Kontuak berrikusteko, aurtengo egoera ez ezik, hurrengo ekitaldiak ere kontuan hartu dituztela zehaztu dute udal arduradunek, "egoera oso aldakorra" baita, eta 2021. urtea ere "urte zaila" izango dela aurreikusten baitute.

 • Inbertsio soziala handitzea "lehentasuna"
Ane Beitia Elgoibarko alkatearen berbetan gizarte zerbitzuetako partida bakar batek ere ez du murrizketarik izan; are gehiago, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak gehitu egin direla nabarmendu du. "Hasieran osasun krisia izan zena, ekonomia eta gizarte krisi ere bilakatu da. Era berean, egoera honek ezohiko neurriak hartzera behartu ditu erakundeak, herritarren eta enpresen zailtasunak leuntzeko, eta bereziki pertsona zaurgarrienen eskubideak babesteko", esan du. Koronabirusa agertu zenetik udal-kontuak unean uneko eskaeretara egokitzeko ahalegin guztiak egin dituela Udalak gaineratu du alkateak. "Ezohiko une hauetan ezohiko neurriak hartu behar izan ditugu, eta gure lehentasuna inbertsio soziala handitzea izan da, eta hala islatzen da aurrekontu egokituetan. Etxez etxeko laguntza zerbitzua bezalako partidak mantentzeaz gain, esaterako, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak ere handitu ditugu, Guztion Artean boluntariotza sarea sustatu dugu, baita Elgoibarren Gertu zerbitzua ere, gure udalerriko kolektibo zaurgarrienak babesten jarraitzeko", adierazi dute udal gobernutik.
 • 1,8 milioi euro gutxiago Aldunditik
Krisi honek jarduera ekonomikoari eragindako geldialdiak, batetik, eta larrialdiari aurre egiteko administrazio publikoek hartutako neurriek, bestetik, zerga-bilketaren erorketa "gogorra" ekarriko dutela aurreikusten dute agintariek, eta honek Elgoibarko udalaren kasuan aurrekontuan berrazterketa bat egitea eskatu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren kalkuluen arabera, erakundearen zerga-bilketa likidoaren erorketa %25 ingurukoa izatea espero da. Jaitsiera honek eragin zuzena izango du udalei egiten zaien ekarpenean, Udal Finantziazio Foru Funtsean, hain zuzen ere. Aurreikusitako zenbatekoari %20ko murrizketa aplikatuko zaio, hau da, Elgoibarren kasuan, 1,8 milioi euro inguru gutxiago jasoko ditu.
 • Gastuak murriztu eta atzeratu
Covid-19 gaitzak sortutako egoera beste udal sarrera batzuetan eragina izaten ari da, alde batetik, sarrera gaitasuna galdu delako; eta bestetik, Udalak itxita izan diren jardueren kasuan zaborra eta mahaiak eta aulkiak jartzeagatik tasen zati bat ez kobratzeko hartutako erabakiagatik. Errealitate honen aurrean, Udalak beharrezkotzat jo du gastuen inguruan erabakiak hartzea, eta lehentasunak zehaztea, beharrezkoak ez diren gastuak murriztuz eta atzeratu daitezkeenak hurrengo urteetara bideratuz.

Aurreikusi gabeko beste gastu batzuei dagokienez, udal agintariek gogora ekarri dute aurten 175.000 euro bideratuko direla udalerriko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko kanpainetara. Halaber, onartutako kontu berrietan gazteentzako alokairurako laguntzak (50.000 euro), kaleen garbiketa (531.228 euro), fatxadak berritzeko laguntzak (75.000 euro), Inazio Bereziartua Musika Eskolarentzako ekarpenak (477.757 euro), igogailuen mantentzea (15.000 euro), hondakinen bilketa (1,6 milioi euro) eta beste hainbat partida mantentzen dira.
 • Kreditu batzuk "ez erabilgarri" izendatu
Kontuen egokitzapen hau egiteko, aurrekontuaren kreditu batzuk (bere osotasunean edo zati batean) ez erabilgarri bezala izendatzea proposatu da: Herriko Antzokiko kamerinoak (55.000 euro), aire zabaleko zinema (22.400 euro), auzoetako jaiak (5.000 euro), salmenta telematikoa (13.000 euro), mugikortasun astea (28.900 euro), publizitatea (38.683 euro), komunikazio instituzionala (15.000 euro), protokoloak (20.000 euro), herritarren parte-hartzea (200.000 euro), EPA (30.000 euro)…
Neurri honekin sarreren jaitsierari aurre egitea eta gastuak zenbateko horri egokitzea lortzen dela azaldu dute Udal Gobernutik, eta urtean zehar egoera ekonomikoaren bilakaeran ondorioz sarrera aurreikuspenak hobetuko balira, Udalbatzak aukera izango luke ez erabilgarri moduan izendatu duen kontusail bat edo batzuk berriro ere erabilgarri moduan izendatzeko eta hasierako proiektu edo programaren batzuk berreskuratzeko.

 • Oposizioa kontra
EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek aurrekontuen aldaketa honen kontra bozkatu dute. EHBilduk esan du “zementoaren aurrekontuak” izaten jarraitzen dutela. “Udal gobernuak pertsonak erdigunean ipini eta aurrekontu sozialak mahaigaineratu dituela esan du, baina guk ez dugu irakurketa hori egiten. Aurrekontuen %42 hirigintzari bideratzen jarraitzen dugu, %5.77 denean gai sozialetara bideratzen dena”. Horrez gain, aldaketa hauek egiterakoan informaziorik ez ematea leporatu diote Udal Gobernuari. Elkarrekin-Podemosek ere “gardetansun falta” nabarmendu du eta euren proposamenak aintzat ez hartzea leporatu dio Udal Gobernuari.