Landa bideen erabilera berezia arautuko duen ordenantza eguneratu du Mendaroko Udalak

Barren.eus 2020ko eka. 22a, 13:34

Udal titularitatekoak diren eta zolatuta edo zolatu gabe dauden bideen erabilera, mantentze-lanak eta zaintza arautuko duten xedapenak ezartzeko eguneratu du ordenantza Mendaroko Udalak, ibilgailu astunen joan-etorriek bideak honda ez ditzaten.

Bideen erabilera intentsiboa egiten duten ibilgailuen jarduera arautzeko eta bideen egoera ona bermatzeko, Mendaroko Udalak landa bideen erabilera berezia arautzeko ordenantza eguneratu du. Aurrerantzean, bideen erabilera berezirako baimen bat eskatu beharko da eta baimena eskatzean fidantza bat ordainduko da, esaterako, egurra ateratzeko lanak egiten diren bitartean eragindako kalteak konponduko direla bermatzeko. Lizentzia bakoitzeko fidantza minimoa 1500 eurokoa izango da. Gehienez ere, fidantza 3500 eurokoa izango da eta bidearen erabilera berezia bukatu ostean, interesdunak jarritako fidantza itzultzeko eskaera egingo du. Bakanketak egin behar direnean, fidantza jartzetik salbuetsiko da eta %50eko hobaria aplikatu da dagokion tasarekiko.

Fidantzaren zenbatekoa finkatuko da egin beharreko distantziaren eta aprobetxatutako mendi hektareen arabera. Horrela zehaztuko da:

Metroak

€/Ha

<250 m

400€/Ha

250‐500 m

500€/Ha

500‐1000 m

 600 €/Ha

1000‐2000 m

 650 €/Ha

2000‐3000 m

700 €/Ha

3000‐4000 m

750 €/Ha

>4000 m

800€/Ha

Udalak zehaztu du bideen ohiko erabilera dela gehienez ere baimenduta dagoen 20 tona baino gutxiagoko gehienezko pisu gordina duten ibilgailuek egiten dutena. Erabilera berezia da, beraz, bide horietan gehienez ere baimenduta dagoen 20 tona baino gehiagoko gehienezko pisu gordina duten ibilgailuekin ibiltzea, baldin eta baserrietan edo nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan obrak edo betelanak eta basolanak egin behar badira. Joan-etorri horiek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiarekin zerikusi zuzena dutenean (bazka, pentsua eta abar garraiatzea), erabilera hori ez da berezitzat hartuko.

 • Udalari lizentzia eskatu beharko zaio
Udalari lizentzia eskatu beharko zaio udal titulartasuneko bideak erabiltzean egurra edo harrobiko materiala ateratzeko, obra zibilak egiteko edo lurra lekualdatzeko (partzelen betelanak eta egokitze-lanak egiteko, Mendaroko HAPOak zehazten duenaren arabera).
Ibilbide guztian zehar, bideen ohiko erabilera publikoa bermatu beharko da eta uneoro hartu beharko dira zirkulazioa ez oztopatzeko neurriak. Bidea eta arekak ezin izango dira ez enborrekin, ez zuhaitz adarrekin okupatu; ezta betelanak egiteko erabiliko diren materialekin edo antzekoekin ere.

Informazio osoagoa mendaro.eus webgunean.