Iñaki Arregi: “Ziur esan dezaket Udala alboan izango dutela herritarrek”

Barren.eus 2020ko mai. 15a, 10:24

Ia bi hilabete pasatu dira Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik, eta arintze fasean gaude orain, zehazki, lehenengo fasean. Tarte hau, Madrilek konfinamendua ezarri zuenetik gaur artekoa nola bizi izan duen galdetu diogu Iñaki Arregi Mendaroko alkateari, bai eta koronabirusak eragindako kalteak arintzeko Udalak hartu dituen neurriak zeintzuk izan diren ere. Arregik nabarmendu du Udala eginahalak egiten ari dela inor ez dadin atzean gelditu.

 

 •  Martxoaren 14an ezarri zuen Espainiako Gobernuak alerta egoera. Bezperan itxi zenuten jubilatuen egoitza eta errenkadan etorri zen gero eraikin publiko guztien ixtea eta kultur ekitaldi eta bestelakoen atzeratzeak. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Garaiz jokatu genuen eta herrian sumatzen zen kezkari erantzun azkarra ematen saiatu gara hasieratik, beti herritarren osasuna bermatze eta babeste aldera. Ia bi hilabete daramatzagu konfinamenduan eta herritarren erantzuna bikaina ari da izaten. Sakrifizio handia egiten ari dira herritarrak, bai eta osasun arreta eta lehen mailako beharrizanak asetzen dizkiguten zerbitzuetakoak eta sektore ekonomiko ezberdinetakoak ere, zeintzuek itxi egin behar izan dituzten negozioak guztion osasuna babesteko: zerbitzuak, ostalaritza… Esfortzu handia egin dugu guztiok eta ezin dugu urrats bakarra ere egin atzera.

 •  Koronabirusak eragindako kalteak arintzeko hainbat neurri hartu ditu Mendaroko Udalak. Tartean, zerga batzuen kobrantza atzeratzea. Atzeratzea zenbatean da aringarri?
Atzeratzea lehen neurria izan da, sektore ekonomiko ezberdinei unean bertan pisu hori kentzeko. Egun, aurrekontua moldatzeko lanetan gabiltza, orain herritarren beharrak oso ezberdinak baitira. Ezbairik gabe, koronabirusak gehien eragin dituen sektoreetara bideratu behar ditugu ahaleginak. Neurriak definitzen eta adosten gabiltza, baina argi dugu udal zerga ugari bertan behera utziko ditugula alarma egoerak iraun bitartean, eta asmoa da luzatzea, sektore hauei laguntzeko, eta baita laguntza zuzenak eskaintzea ere. Badakigu berehalako beharra dutela ostalariek, merkatariek… eta ahalik eta lasterren izango dituzte eskura laguntzak. Horrekin batera, herriko kontsumoa bultzatzeko neurriak hartuko ditugu. Esan bezala, lanean gabiltza neurriak finkatzen, eta azkar egingo dugu hori. Ziur esan dezaket Udala alboan izango dutela, bai herritarrek eta baita, noski, ehun ekonomikoak ere.

 •  Etxetik irten ezin duten adineko eta mendekoentzako laguntzak ere iragarri zenituzten. 70 urtez gorakoei deika hasi zineten. Zer jaso duzue dei horietan?
Eskertza mezua izan da. Jada Mendaron abian genuen etxezetxeko laguntza zerbitzua, eta hori indartzeaz gain, herriko adineko guztiei deitu diegu euren beharrak ezagutzeko eta behar horiei erantzuna ematen saiatzeko. Hainbati janaria, sendagaiak edota bestelako beharrak eraman dizkiogu etxera, edota hondakinak atera. Ez dira zerbitzu asko eskatu, baina herritarrek asko eskertu dute.

 •  Zer balorazio egiten duzue gaztetxoen etxealdia arintzeko sortu zenuten ‘Etxean goxo’ ekimenaz?
Etxean konfinatuta egotea guztiontzako da gogorra, baina, bereziki, gaztetxoentzako, duten bizitasunagatik eta egoera ulertzeko unean izan ditzaketen gora-beherengatik. Gure asmoa etxean egon beharreko unean gazteak gustura, alai, entretenituta, eta aldi berean, balioak ikasiz egotea izan da. Baliabide bat gehiago berentzat, beren adinera egokitutakoa, eta euskaraz. Ludotekan edo Gaztelekuan eskaintzen duten zerbitzua egokitu dugu konfinamendu garaira.

 • Eudelek Udalei banatu behar zizkien 300.000 maskara erretiratu behar izan zituen. Iritsi dira Mendarora?
Bai, iritsi dira, baina ez guk nahi beste. 2.500 herritar arteko populazioa duten herriei dagokien kopurua bidali digute guri, 250. Ez dira asko eta aztertu behar dugu nola banatu.

 •  Udalak aurreikusita zituen lanetatik zeintzuk daude geldi ezinbestean? Zein da Mendaroko Udaleko langileen egoera? Zein zailtasun dituzue?
Alarma egoera ezarri zenetik telematikoki egin du lan Udalak, posible izan den alorretan. Beharrezkoa den materiala eskaini zaie langileei eta egoki jardun dugu. Udal batzordeak ere era telematikoan egin ditugu. Aurreikusiak genituen lizitazioak geldirik daude, epe administratibo oro geldirik dagoelako. Hori bai, Udalak prest du prestatu beharreko dokumentazio guztia, alarma egoera eten bezain pronto lehen unetik abian jartzeko. Azpilgoetako berrurbanizaziorako pliegoak eginak daude, baina lizitazioa egin ezinik, eta gimnasioaren lizitazioa egina dago, baina adjudikazioa geldirik. Udal eraikinetan, udaletxean eta gainerakoetan, garbiketa sakonak egin dira. Agintzari ere egokitzen ari dira egoera honi dagozkion zerbitzu desberdinak eskaintzeko. Herritarrak asko eskertzen ari dira, eta horrela zerbitzu guztiak egoera berrira moldatzen ari dira.

 •  Zein harreman izan duzue tarte honetan herriko dendari eta ostalariekin? Zeintzuk dira sektore honi laguntzeko martxan jarri dituzuen laguntzak?
Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetakoekin hasieratik egon gara harremanetan euren zalantzak eta beharrak denon artean aztertzeko. Telematikoki hasi ginen, telefonoz eta emailez, eta zalantzak eta beharrak jaso ondoren, bilera egin genuen udaletxean maiatzaren 8an. Kezka nagusiak ezjakintasunetik datoz. Zein baldintzatan ireki behar duten, zein babes neurri hartu behar dituzten... Bestalde, Udalak orain arte hartutako neurriak hauek dira: zaborren tasaren %50 kobratuko zaie itxita egon direnei; terrazen zergarik ez zaie kobratuko urte guztian, eta gainera, terrazak handitzeko erraztasunak emango zaizkie aparkalekuak kenduta. Dirulaguntza zuzenak ere izango dira itxita eduki dutenentzat, baina hori oraindik ez dago guztiz zehaztuta, Eusko Jaurlaritzak aterako dituen dirulaguntzen zain gaudelako, ez daitezen Udaleko dirulaguntzekin solapatu edo biderkatu. Gerta daiteke bateragarriak ez izatea, eta hori dena azaldu zitzaien bilerara etorri zirenei.

 •  Egoera honek errazik ez du ekarri inorentzat, baina lehen okerren zeudenen egoera are okerragoa da orain. Zer behar ikusi dituzue eta nola ari zarete erantzuten horiei Ongizate Sailetik?
Hainbat alorretan jardun dugu Ongizate Sailetik, premisa nagusi batekin: inor atzean ez gelditzea. Horretarako hiru bidetan jardun gara: arestian aipatu bezala, 70 urtetik gorako herritar guztiei deitu diegu eta harreman-jarioa etengabea izan da. Bestalde, etxez-etxeko laguntza zerbitzua indartu dugu: Udalak arreta areagotu du erabiltzaile orori deitu eta zerbitzuaren errefortzua eskainiz. Gaur egun Mendaron 13 erabiltzaile daude. Baliabideak areagotu ditugu, eta zerbitzua egokitu dugu koronabirusari erantzuteko. Lehentasuna zaintzari, erosketa zerbitzuari (elikagaiak eta sendagaiak), zaborra ateratzeari… eman diogu. Horrez gain, Mendaroko Udalak etxegabeei babesa eta laguntza eskaintzen dihardu. Herrian bi pertsona zeuden egoera horretan, eta Udalak, martxoaren 18tik, beraiekin adostu ostean, Mendaroko Kultur Etxean eman die aterpea. Egunean hiru jatordu eta garbiketa zerbitzua eman diegu. Orain eskualde mailako erantzuna ematen ari gara, Erromesentzako Debako Aterpea etxegabeei eskainiz.

 • Konfinamendu egoeran indarkeria kasuak areagotu egin daitezkeela ohartarazi dute. Zer igarri duzue Mendaron? Zein protokolo ezarri dituzue?
Herritarron konfinamendu egoeran Udala are eta arduratuago dago etxean indarkeria matxista jasaten edo jasan ahal duten emakumeekin. Etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio eta arreta-zerbitzua eta Gizarte Larrialdietako Foru Koordinazio zerbitzuak ditugu abian. Biktima diren emakume guztiak artatzen ditugu bi zerbitzuen bitartez, eta, baita ere, emakume horien inguruko senideak eta gertukoak. Zerbitzua berehalakoa da, anonimoa, konfidentziala eta doakoa, eta ez du arrastorik uzten telefono-fakturan. Profesional espezializatuak daude atzean eta eguneko 24 orduetan erabil daiteke. Indarkeria matxistak ez du lekurik gurean. Mendarok, ezetz!

 •  Konfinamendua arintzeko baimenak eman dituzte kalera irteteko ere. Nola ari dira erantzuten herritarrak?
Herritarren erantzuna krisi honen aurrean txalotzekoa izan da. Deseskalatze fase ezberdinen lehen pauso hauetan ere herritarrek arduraz jokatu dute eta ez da egoera arriskutsurik egon. Alaitasunez hartu da, gainera, haurren irteera, oso mesedegarria delako eurentzat. Baina esan bezala, segurtasun neurriak bete dira, oro har, eta herritarrei dei egin nahi diet horrela jarrai dezaten, koronabirusa atzean utzi eta atzera pausorik eman ez dezagun. Banakoarena da ardura.

 • Jairik ere ez dela izango aurreratu duzue.
Bai. Santanak bertan behera uztea erabaki dugu oposizioarekin batera, baina ez dugu baztertzen beste egitarau alternatiboren bat prestatzea. Hori aztertuko dugu deseskalatze faseak aurrera egin ahala, baina erabaki hau hartu beharra zegoen, jaiek hainbat hilabetetako prestakuntza behar izaten dutelako. Oso zaila eta gogorra izan da erabaki hau hartzea, baina osasun-agintarien gomendioak jarraituz pentsatu dugu egokiena dela. Herritarrengan pentsatzen jarrita, zaila izan da erabakia hartzea, eta batez ere ostalaritzan, merkataritzan eta zerbitzuetan duen eraginatik.

 • Beste zerbait esan nahiko zenuke?
Herritarrei eskertu nahi diet eman duten erantzuna eta erakutsi duten konpromisoa. Bat eginik egingo dugu aurrera, eta horretan bidelagun izango da Udala. Inor ez da atzean geratuko.

∞Lotura duten albisteak: