Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoak eguenean irekiko ditu ateak berriro

Barren.eus 2020ko mai. 12a, 19:23

Koronabirusaren hedapenaren faserik kritikoena gainditu ondoren, Elgoibarko Udalak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoa berriz irekitzea erabaki du, eta eguen honetatik aurrera arreta presentziala emango du.

Hori bai, Udalak higiene eta segurtasun neurri zorrotzak hartu dituela azaldu du, "deseskalatze fase honek eskatzen duen zuhurtziari erantzunez". Hori dela eta, espazioa berregokitu egin dute, itxaron-gela kendu egin da eta banantzeko manparak jarri dituzte herritarren arretarako mahaietan. Gel hidroalkoholikoa ere izango da.

Halaber, edukiera mugatua izango da. Erabiltzaileek banaka joan beharko dute, mendekotasuna duten pertsonek izan ezik. 14 urte baino gutxiago dutenek senide batekin hurbildu beharko dira salbuespen-egoera honek dirauen bitartean.

Nolanahi ere, udal bulegoetara joan aurretik, 943 741 050 telefonora deitzea gomendatzen dute aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa jasotzeko. Hala ere, Udalak interneten bidezko izapideak egitea gomendatzen du, ahal den guztietan.

Eguen honetako ordutegia 9:00etatik 15:30era izango da. Barikutik aurrera, ohiko arreta ordutegia hasiko da, 7:30etik 15:30era.