Ane Beitia: "Udalak ahalegin guztia egingo du Elgoibar bizi-bizixa, dinamikoa eta aktiboa berreskuratzeko"

Barren.eus 2020ko mai. 8a, 09:25

Koronabirusak eragindako egoera berri honen aurrean Ane Beitia alkateak eman ditu herrirako eta herritarrentzako hartu dituzten neurrien berri.

Ia bi hilabete pasatu dira Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik, eta beste bi astez luzatzea erabaki du Kongresuak aste honetan. Herriko jarduera kolpera eten zen martxoaren 14an, eta herritarrak etxean konfinatuta daude ordutik. Arintze fasean gaude orain: enpresetan jendea lanean ari da, denda txikiak astelehenean zabaldu zituzten eta datorren astean terrazak zabaldu ahal izango dituzte tabernariek. Herritarrek ere kalera irteteko baimena dute, ordutegi jakinen barruan, eta ondo bidean, datorren astetik, hamar laguneko taldeak biltzeko aukera ere egongo da, terrazetan edo etxeetan. 

 • Martxoaren 12an itxi zituzten ikastetxeak, kultur eta kirol ekitaldiak bertan behera gelditu ziren eta bi egun beranduago etorri zen konfinamendua. Nola harrapatu zintuen erabaki hark?
Alarma egoera deklaratu baino egun batzuk lehenago egoera okertzen ari zela konturatu ginen eta uste hori martxoaren 13an konfirmatu genuen, Segurtasun sailburuak LABI (Larrialdiei Aurre egiteko Bidea) emergentzia fasea deklaratu zuenean eta Lehendakariak bere gain gidaritza bakarra hartu zuenean. Berehala Udal eta Foru planak aktibatu genituen eta hortan hasi ginen, koordinazio lanean. Erabaki gogorrak hartzen ari ziren eta erantzukizunez eta zuhurtziaz lanean jarraitu behar genuela konturatu ginen.

 • Herritarrentzat hainbat laguntza iragarri ditu Udalak. Zeintzuk izango dira?
Lehenengo asteetan, gure lehentasuna egoera okerrenean zeuden pertsonei laguntzea izan da, kolektibo ahulenen premia larrienak asetzen aritu gara, hala nola adinekoenak, elikagaiak, higiene-gaiak eta botikak emanez, telefonoz deituz haien egoera ezagutzeko eta haien esanetara jarriz. Honez gain, Udalean astero biltzen garen prebentzio mahaia eratu zen, larrialdi egoerei aurre egiteko. Udal langileei baliabideak eman zaizkie etxetik lan egiteko. Koronabirusari buruzko berariazko gune bat prestatu da web orrian, eta bertan, Udalak hartutako neurri guztiak eta herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeen gainerako berriak (dirulaguntzak...) jasotzen dira. Boluntarioen sareekin ere lankidetzan aritu gara, Nagusilanen Zilarrezko Haria eta Gurutze Gorriaren bidez martxan jarritako Guztion Artean ekimena aipatu ditzakegu, besteak beste. Kirol instalazioak itxi direnez, Olaizagako igerilekuetan mantentze lanak egin dira; Gaztelekuak sare sozialetako jarduera indartu du, nerabeekin harreman zuzenagoa izateko; hipoteka zorraren luzapena eskatzeko udal tramiteak ere erraztu dira, eta zenbait neurri fiskal ere hartu ditugu kolpe ekonomikoa arintzeko.

 • Oposizioaren ustez laguntza horiek ez dira nahikoak. Tasak eta zergak ez kobratzea eskatu dute, besteak beste, horien ordainketa atzeratzea ez dela nahikoa argudiatuta.
Tasak eta zergak atzeratu ez ezik, ez ditugu kobratu. Hainbat neurri hartu ditugu esparru fiskalean herritarrei erraztasunak eskaintzeko helburuarekin. Jendearentzat itxita dauden bitartean, denda, taberna, kafetegi, jatetxe eta gainerako jarduera profesionaletan hondakinak biltzeko tasaren kobrantza eten egin zen. Ekainean kobrantza arruntaren erdia aplikatuko zaie. Osasun krisian, terrazak jartzeari dagokion tasa ere ez zaie kobratuko. Kasu horretan ere ekaineko kobrantza arruntaren erdia aplikatuko zaie. Neurri bera aplikatuko da jabari publikoak instalazio batzuekin okupatzen duen tasari dagokionez. Udal emakidako tabernetako alokairuen kobrantza eten egin zen. Kirol Patronatuaren ordainketaren zati proportzionala itzultzea erabaki da. Ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea irailaren 15era arte luzatu da. Zalantzarik gabe, merkataritza eta ostalaritza dira sektore kaltetuenetakoak. Dagoeneko hitz egin dugu horietako batzuekin, baina gure helburua da neurri multzo zehatz bat prestatu eta adostea, denen beharrei erantzuteko, elkarteko kide izan ala ez. Eta neurri egokiak hartzeko, ezinbestekoa da krisiak tokiko eremuan eragiten duen inpaktu sozial eta ekonomikoa dimentsionatzea, adostasunez egitea, udalerriko establezimendu guztien sentimendua eta errealitatea jasoz, merkatari, ostalari eta zerbitzuetan lan egiten duten guztiena, herritar guztiena. Eta horretan gabiz.

 • Merkataritza txikia, eta, bereziki, ostalaritza kalte handia jasaten ari dira. BARRENek hitz egin du ordezkari batzuekin, eta uste dute Udalak emandako laguntzak oso urriak direla. Beraiek ere bildu dira zuekin eta jakinarazi omen dizue euren haserrea. Zein politika ezarriko ditu Elgoibarko Udalak bi sektore horiei laguntzeko?
Esan bezala, lehenengo neurriak zergak arintzean oinarritu dira, zuzenean gure esku dagoen erabaki bat baita. Hainbat merkatari eta ostalarirekin hitz egin dugu eta hitz egiten jarraituko dugu Udalaren asmoa zein den jakinarazteko: erantzun-plan bat elkarlanean diseinatzea, hurrengo asteetan ez ezik, epe ertainera begira ere baliagarria izango dena. Merkatari, ostalari eta zerbitzuetan lanean ari direnen gainean eraiki nahi dugu udalerriaren berreskurapen ekonomiko eta soziala. Horregatik, hainbat sektoretako ordezkariekin hasitako harreman-errondarekin jarraitu nahi dugu, estrategiak eta erantzun-plan bat zehazten jarraitzeko. Zentzu honetan Udalak ahal duen guztia egingo du haiei laguntzeko eta Elgoibarko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko. Epe luzerako helburu gisa, Udalak ahalegin guztiak egingo ditu Elgoibar bizi -bizixa dinamikoa eta aktiboa berreskuratzeko. Udalaren ateak zabalik daude elkarlanerako.

 • Udalek Foru Aldundira dirua itzuli behar dute. Nola eragingo dio horrek Elgoibarko Udalari? Kolokan ikusten dituzu Udalak herriko elkarteei ematen dizkien dirulaguntzak?
Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua da oso. Azken legealdietako kudeaketa ekonomiko zorrotzari esker, Udalak ez du zorrik, azken 10 urteetan zero defizita eta aurreko ekitaldietako soberakin-saldo positiboa indar bihurtzen dira aurkezten diren erronkei aurre egin ahal izateko. Hasieran esan dudan moduan, erantzukizunez eta zuhurtziaz jokatu izanak egoera baikorrago batetik abiaraztea ahalbidetzen digu. Zentzu honetan, oinarrizko zerbitzu publikoen kalitatea bermatuta egongo da. Udal aurrekontuak doitu egin beharko ditugu eta elkarteek ere, beraien behar berriak eta jarduerak egokitu beharko dituzte normaltasun berrira. Guzti honek eragin zuzena izango du partida eta dirulaguntzen zenbait lerrotan, baina inoiz ez dira kolokan izango. Herriko talde eta elkarteek funtsezko papera izan behar dute berpizte prozesu honetan eta Udala bidelagun izango dute, betiko moduan.

 • Zazpi aste pasatu dira konfinamendua hasi zenetik, eta sare sozialetako fororen batean Elgoibarko Udalari leporatu diote aurpegia ez ematea, ixilik egon dela epe honetan eta ez duela informaziorik eman.
Udala lanean aritu da lehen minututik, eta aipatutako ekimen eta neurri guztiak horren adibide dira. Guztiak eman dira ezagutzera Udalak erabili ohi dituen komunikazio kanalen bitartez: prentsa, bandoak, sare sozialak eta webgunea besteak beste. Azken honen kasuan gainera koronabirusarekin lotutako espazio berezi bat zabaldu da, sortutako ekimen eta laguntza guztien berri emateko. Zoritxarrez, koronabirusak areagotu egin du norgehiagokaren politika eta sare sozialak horren isla dira. Sare sozialetatik at asko izan dira modu pribatuan eskerrak eman dizkiguten herritarrak, batez ere Gizarte Zerbitzuetatik egin den lanagatik, herritarren premiazko beharrak asetzeagatik. Baina horiek ez dira publikoak. Sare sozialak ondo daude, baliagarriak dira horien erabilera zintzoa egiten bada, baina ez dira herritar guztien sentsazioen termometro. Azken egunetan, ikusten ari gara kritika eta kontrolerako tresna bezala erabiltzen dituztela batzuek. Pentsatzen dut, gauden egoeran gure ingurukoak zaindu eta ahal dugun neurrian laguntzeko egon beharko ginatekeela eta ez hainbeste besteak egiten duena kolokan jarri edo salatzeko. Are gehiago larritzen naute sareen bitartez, tragedia batetik etekin politikoa atera nahi dutenen jarrera berekoiek edota nahasmena sortu nahi duten albiste faltsuek.

 • Zenbait herritarrek maskarak etxez etxe banatzeko eskatu diote Udalari sare sozialetan. Eudelek Udalei emandako 300.000 maskara ez zeuden egoera onean. Elgoibarri eragin dio horrek?
Udalak ez du maskarak etxez etxe banatzeko eskaerarik jaso. Eudelek banatutakoek ez dute Elgoibarren eraginik izan, banatzen hasi gabe zeuden eta gainera, gurean, erretiratzeko abisua berehala iritsi zen. Hala ere, aipatu beharra dagoela uste dut astero iristen direla maskarak etxez etxeko zerbitzurako, udaltzainentzako eta ehorzlearentzako. Eta horiekin ez du inork arazorik izan. Eta Osasun Ministeritzak dioen bezala, maskaren erabilera aholku bat da, ez obligazio bat, pertsonen arteko distantzia bete ezin den kasuetarako. Gutxienez bi metroko tartea mantentzea, eskuak garbitzea eta espazio publiko eta pribatuetan gehienezko higienea mantentzea dira lehenesten diren aholkuak.

 • Konfinamendu egoeran indarkeria kasuak areagotu egin daitezkeela ohartarazi dute eta Elgoibarko Udalak ere jarri zuen arriskuan egon daitezkeen emakumeei laguntzeko telefonoa. Zer balorazio egiten duzue?
Gizarte Zerbitzuek pisu handia hartu dute azken bi hilabeteetan, baina ez zait gustatzen datu delikatu eta pertsonaletan sartzea. Alerta egoerak dirauen bitartean, indarkeria matxistaren egoerei aurre egin behar dieten emakumeei arreta bermatzeko Elgoibarren GERTU ekimena jarri genuen martxan. Laguntza zerbitzu bat da, telefono bidezkoa (688 804 672) eta birtuala, goizeko 7:00etatik gaueko 21:00etara dagoena erabilgarri. Baina honez gain, 24 orduz funtzionatzen duen SATEVI telefonoa indartu da laguntza psikologikoa eta asistentziala eskaintzeko helburuarekin. Uneoro laguntza pertsonalizatua bermatuta dago. Gizarte larrialdietarako laguntzak indartu dira eta horietara iristeko bideak egokitu, ahalik eta pertsona eta familia gehienei laguntzeko. San Lazaroko egoitzan Mekak egindako babes-maskarak banatu dira, eskualde-koordinazioa ere funtsezkoa izan da behartsuenengana iristeko, eta Debako aterpetxea horren adibide da.

2020 05 07 ane beitia alkatea elgoibar

 • Jaurlaritza ez dago konforme Pedro Sanchezek aurkeztu duen deseskalatzearekin. Nola ikusten duzue Udaletik?
Jaurlaritzak euskaldunon interesen alde lan egingo duen zalantzarik ez daukat eta horretarako protokolorik onena izaten ahaleginduko da. Deseskalatze faseek erkidego bakoitzean prozesu desberdinak izango dituzte, epidemiaren eboluzioaren arabera. Guri dagokigunez, normaltasunerako bidean hartu beharreko neurriak eta jarraibideak gurera egokituko ditugu.

 • Nola ikusten dituzu Trinitateak, sanbartolomeak… jaiak, oro har. Ospatzeko moduan izango gara?
Oraindik azkarregi da sanbartolomeen inguruan erabakiak hartzeko. Ikusiko dugu hurrengo asteetan nola eboluzionatzen duen birusak. Hala ere, Trinitateen kasuan bagabiltza alternatibetan lanean. Ezin izango dira formatu tradizionalean ospatu, baina esan bezala, beste bide batzuk aztertzen ari gara danborradako taldearekin eta musika eskolakoekin. Jaurlaritzak arestian aipatutako dokumentua lantzen duenean irizpide gehiago izango ditugu protokoloa egokitzeko.

 • Udako aisialdia nola ikusten duzu?
Kasu honetan ere Jaurlaritzak ezarritako protokoloa jarraitu beharko dugu, eta honen arabera, eskaintza egokitu. Udalak ezin du bere kabuz udaberri eta udako ekintzen inguruko erabakirik hartu. Zuhurtziaz jokatu behar dugu. Momentuan momentuko egoerari erantzuteko prest gaude, eta horrela egingo dugu momentua iristen denean. Denok dugu gogoa gure haurrak beraien lagunekin kaleetan jolasean ikusteko, baina segurtasun berme guztiekin egin nahi dugu.

 • Esan eta esan ari dira "normaltasuna" ez dela izango orain arte ezagutu izan duguna. Nolakoa izango da aurrerantzean Elgoibarko jarduna?
Argi dago “normaltasun berri” bezala deskribatzen duten egoera hori ez dela martxoaren 14 aurreko normaltasuna izango. Egoera, gainera, oso aldakorra da eta epe luzera begira, txertoa izateak ala ez, asko baldintzatuko ditu jende pilaketak eragiten dituzten ikuskizunak, bai kulturalak, bai kirol ikuskizunak... Horren inguruan ere suposatzen dut aplikatu beharreko protokoloren bat izango dugula, kultur espazio desberdinen ezaugarrien arabera, edukiera, etab. Udalak tokiko kultura-sektoreari lagunduko dio eta hura sustatzeko estrategia berriak indartzeko konpromisoa hartzen du. Baina esandakoa, zentzuz jokatu behar dugu: neurriak ezarri eta horietara egokitu, norbanakoen erantzukizunean azpimarra jarriz.

 • Krisialdi gogorra datorkigula diote adituek. Nola imaginatzen duzu gure herria hau dena amaitzen denean?
Zorionez, deseskalatze prozesu honetan zehar, itxita egon diren dendek eta tabernek ateak zabaltzeko aukera izango dute, ez lehengo egoeran noski, baina pauso bat da. Espainiako Gobernuak ezarritako murrizketak leuntzen joatea espero dugu, tokiko ekonomia ahalik eta arinen berpizten hasi dadin. Tamaina honetako krisi batek langabezian eragin zuzena du, bai. Guk gure eskumenen bidez hartu ditzakegun neurriak abiaraziko ditugu, prestakuntzarekin lotutakoak adibidez. Epe luzera begira Udalak ahalegin guztiak egingo ditu Elgoibar bizi-bizixa dinamikoa eta aktiboa berreskuratzeko, guztiok parte hartzen dugun Elgoibar bat. Beraz, ardatz estrategikoetako bat dinamizazioa izango da, hainbat arlotan: gizartea, kirola, prestakuntza, merkataritza eta kultura.

 • Besterik gehitu nahi duzu?
Eskerrak ematea herritarrei inoiz ikusi gabeko osasun krisi baten aurrean orokorrean erakusten ari diren elkartasun eta jarrera arduratsuagatik. Era berean, gogorarazi nahi nuke normaltasun egoera berrira ahalik eta azkarren bueltatzeko biderik zuzenena osasun arloko agintariek adierazitako arauak eta gomendioak errespetatzen jarraitzea dela. Eta nola ez, udaletxeko ateak zabalik daudela edozein beharrizani soluzioak emateko.