Koronabirusari aurre egiteko neurri berriak iragarri ditu Mendaroko Udalak

Barren.eus 2020ko mar. 24a, 11:33

Desinfekzio lanak, neurri fiskalak eta 70 urtetik gorako herritarren arazoak arintzeko neurriak iragarri ditu Mendaroko alkate Iñaki Arregik herritarrei zuzendutako mezuan.

Besteak beste honako neurriak iragarri ditu Mendaroko alkateak: Desinfekzio lanak indartu eta areagotuko dira, eta gaurtik hasita jende gehien dabilen guneetan: saltokien atariak, farmaziak, ospitale ingurua... Datorren egunetan 70 urtetik gorako eta bazterkeria egoeran dauden herritar guztiei deituko zaie Udaletik. Era berean, Covid-19ak eragindako sektore ekonomikoei begira, neurri fiskalak lantzen dihardutela jakinarazi du Arregik. “Une bereziak bizitzen ari gara. Duela hamarkada ugari bizitako garaiak gogorarazten dizkietenak herriko zaharrenei. Baina eredugarria ari da izaten mendarotar guztien erantzuna", adierazi du.

Udala alderdi politiko eta langile guztiekin elkarlanean ari dela nabarmendu du, gainerako erakundeekin batera, pandemia geldiarazi eta herritarren ongizatea bermatzeko. Hona Mendaroko Udalak hartu dituen hainbat erabaki:

  • Udala, eraikin publikoak eta ekitaldi oro bertan behera utzi ditugzte. Telematikoki artatzen ari dira herritarrak. 
  • 80 urtetik gorako herritar guztiei deitu diete bizi duten egoeraz galdetu eta dituzten beharrizanei konponbidea emateko

Guztion inplikazioa beharrezkoa dela esan du alkateak eta etxean gelditzeko eskatu die mendaroarrei.  "Nire eskerrak herritar guztiei, eta noski, lanean diharduten merkatari, brigada-langile, erizain, eta mediku guztiei.  Guzti honek onik badauka, egunotan ikusi dugun herritarren solidaritatea, balkoietan zabaldu ditugun kantu, irri, eta batez ere, txalo zaparradak dira. Elkarrekin egingo diogu aurre, bat eginik, guztiok batera. Mila esker”.