2,7 milioi euroko aurrekontua izango du Mendaroko Udalak

Barren.eus 2019ko aza. 29a, 12:32

Mendaroko udalbatzaren osoko bilkurak onartu du 2020rako aurrekontua, EAJren aldeko botoekin. EHBilduko zinegotziak eta PSE-EEkoa abstenitu egin dira bozketan. Guztira 2.700.000 euroko aurrekontua izango du Udalak.

 2.700.000 euroko aurrekontua izango du Mendaroko Udalak 2020an, aurtengoa baino %5,34 handiagoa. EHBilduko zinegotziak abstenitu egin ziren bozketan, bai eta Mari Jose Telleria PSE-EEko zinegotzia ere. Telleriak prentsa ohar bidez arrazoitu du bere erabakia eta esan du Mendaroko Udalak ahal ekonomikoa izan arren, aurkeztu duen aurrekontua ez dela “asmo handikoa” eta ez diela “behar bezala” erantzuten Mendaroren etorkizuneko erronkei.
Enetz Ezenarro oposizioburuak bestalde esan du abstentzioarekin aukera bat eman nahi izan dietela gobernuan daudenei, EHBildutik egin dituzten proposamen batzuk aintzat hartu dituztelako, baina ez dutela alde bozkatzeko besteko bermerik ikusi. Diru-partidetan “desoreka handiak” ikusten dituzte eta “eszeptiko” dira: “Ez dugu aukera handirik ikusten diru-partida horiekin gure proposamenak betetzeko. Esan digute partida batzuetan diru gutxi jarri arren osatuko dituztela gero. Hala ere, banaketa horrekin argi erakusten dute lehentasunak zeintzuk diren”. Mari Jose Telleriak abstentzioa arrazoitzeko emandako argudioak, bestalde, “hutsak” iruditu zaizkio EHBilduri. “Negoziatzeko aukera duenak aurrekontuak asmo handikoak ez direla esatea ere... Tramiteko gauzak izan ez diren bozketa guztietan abstenitu egin da. EAJk aurrera egin dezan behar duen gutxieneko babes hori ematen dio PSE-EEk abstentzioarekin, baina aldi berean, kritika egiten dio”.
 • Zerbitzuak eta laguntza berriak
Sarrerak eta gastuen arteko orekan jarri du azpimarra EAJk eta esan du 2020ko aurrekontuak bidea ematen duela Mendaron aurreko urteetan hasitako zerbitzuak bermatzeko eta herritarrentzako laguntza berriak gehitzeko. Horien artean dago, esate baterako, Goñati eraikineko bigarren solairuan eraiki asmo duten gimnasioa. EHBilduren agintalditik dator kontua, baina 2020ko aurrekontuetan kirol eskaintza handitzeko proposamen horri heldu dio EAJk. Era berean, Azpilgoetako irisgarritasuna hobetzeko proiekturako diru-partida ere zehaztu dute inbertsioen atalean eta baita Eguneko Zentroan hobekuntza lanak egitea ere. Diru-partiden inguruan ohartarazpen bat egin du Iñaki Arregi alkateak. Aipatu du partida berriak direnetan diru kantitate txikia zehaztu dutela, “ez delako jakiten zenbatekoak izango diren eskaerak eta beharrak”, baina behar diren neurrian osatuko dituztela agindu du, aurrekontu arruntaren kasuan, Kreditu Globalaren bidez, eta inbertsioen kasuan, 2019ko Diruzaintzako Gerakinarekin.

2020ko transferentzia eta inbertsio nagusiak Mendaron

  • Lokal komertzialak zabaltzeko laguntzak   2.500 euro
  • Igogailuak edo irisgarritasuna bermatzeko diru-laguntzak 2500 €
  • Etxebizitzen isolamendua hobetzeko eta Co2 emisioak murrizteko diru-laguntzak 2.500 
  • Kirol zerbitzuak (Goñati eraikineko gimnasioa)   50.000 
  • Etxeak alokatzeko laguntzak gazteentzat    3.000 
  • Eskolako estraeskolarretarako laguntzak errenta txikikoentzat    1.500 
  • Informazio prozesuetarako gailuak   5.000 
  • Hirigintzako obra txikiak  60.000 
  • Auzoetan hobekuntzak   60.000 
  • Azpilgoetako irisgarritasun plana 200.000 
  • Brigadako erremintak   3.000 
  • Biltegirako altzairuak    10.000 
  • Baliabide energetiko berriztagarriak   5.000 
  • Kultur ekipamenduetarako altzairuak   2.000 
  • Mendaroko sozioekonomia eta herri identitatea   8.000 
  • Aitor Etxeberriaren eskultura biribilgunean   30.000 
  • Eguneko zentroko obrak   7.000 
  • Berdintasun plana   5.000 
  • Nekazaritza eremuetan inbertsioak   60.000 

Aurrekontuei buruzko erreportajea osorik BARREN aldizkariko 1139. zenbakian -PDF-

2019 11 29 aurrekontuak mendaro taula gastuak sarrerak