Emakumeen laneratzea bultzatzeko aldi baterako langile bat kontratatuko du Udalak

Barren.eus 2019ko aza. 11a, 14:37

Aldi baterako administrari laguntzaile bat kontratatuko du Elgoibarko Udalak. Emakumezkoa izan beharko du eskatzaileak, emakume elgoibartarren laneratzea bultzatzeko helburuarekin atera baitu Udalak lanpostu deialdi hau.

Elgoibarko Udalak, Lanbiderekin elkarlanean, administrari laguntzaile bat kontratatuko du 6 hilabeterako. Udaltzaingo sailean lan administratiboa egiteko izango da lanpostua, zehazki, IZFEko aplikazio berria martxan jartzeko.

Udalak jakinarazi duenez, lanaldia %70ekoa izango da eta azaroaren 25erako lanean hastea aurreikusten dute. Bete beharreko ezinbesteko baldintzei dagokionez, Elgoibarren erroldatua izateaz gainera, nabarmentzekoak dira, besteak beste, honako baldintzak:

  • 35 urtetik beherako emakumeak.
  • Emakumeak 45 urtetik gorakoak, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa kontratatu aurretiko 180 egun eman badute.
  • 55 urtetik gorako emakumeak.
  • Emakumeak luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurreko 540 egunetan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian gutxienez 360 egun eman dutenak.
  • Gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten emakumeak.

Hautaketan parte hartu nahi dutenek azaroaren 13a, eguaztena, baino lehen entregatuko beharko dute eskaera. Informazio gehiagorako: 943 741 050 / pertsonala@elgoibar.eus. Harremanetarako pertsona: Iratxe Pikaza (8:30-15:30)