2020rako ordenantza fiskalak %0,6 igoko ditu Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2019ko urr. 25a, 14:31

Oro har ordenantza fiskalak %0,6 igotzea adostu du Udal Gobernuak, baina aurten ere salbuespen batzuk egongo dira. Zaborren gaineko tasa, esaterako, %3,4 igoko dute.

 Elgoibarko Udalak 2020rako ordenantza fiskalen gaineko tasak onartu ditu EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin. EHBilduk kontra bozkatu zuen.

Udal Gobernuak abuztuko KPIa aintzat hartuta erabaki du ordenantza fiskalak %0,6 igotzea. Etorkizuneko erronkei aurre egiteko abiapuntu egonkor batetik ekin eta baliabide gehiago eskura eduki ahal izateko hartu du Udal Gobernuak tasak igotzeko erabakia, Elgoibarko Udalaren egoera ekonomikoa "oso osasuntsua" den arren, etorkizunerako prest egon behar dela argudiatuz. Une honetan zergak bere horretan mantendu edo jaistea "arduragabekeria" dela defendatu zuen EAJk, egoera ekonomikoa horren ona ez denenean horretarako aukera egongo dela uste baidute. Maialen Gurrutxaga bozeramaileak esan zuenez, euren taldeak argi du zerga eta tasen helburu nagusia diru sarrerak lortzea bada ere, honekin eta aurrerago etorriko diren aurrekontuekin batera, Elgoibarrentzako zenbait politiken ildoa ere markatzen dutela. Gizarte politikak, sustapen ekonomikoa, ingurumena zaintzea edo herriaren birgaitzea aipatu zituen Gurrutxagak.
Iaz KPIaren arabera igo zituzten 2019rako ordenantza fiskalak, %2,2, hain justu ere. 2018an %1,8ko igoera izan zuten eta aurreko lau urteetan ordenantza fiskalak izoztuta egon ziren.
 • Salbuespenak
Ordenantzen igoera bateratua izango bada ere, salbuespen batzuk egongo dira: zaborraren gaineko tasa, esaterako, %3,43 igoko dute. Debabarreneko Mankomunitateak zerbitzua emateagatik Udalari egin dion igoera bera ezarriko zaie herritarrei.
Udal Kirol Patronatuko tasei dagokionez, kontzeptu batzuetan irizpide orokorrari jarraitzea erabaki dute (%0,6ko igoera), eta beste batzuetan igoerarik ez ezartzea. Hainbat motatako sarrerek, talde berezientzakoek eta aire libreko instalakuntzek, ez dute igoerarik izango.
Badira beste era bateo salbuespenak ere. Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean, hobariak gehitu dituzte:

  • Landa gunean kokaturik dauden etxebizitzetako obrak %90
  • Lur hiritarrean dauden eraikinetan, egurrezko egitura edo egitura mistoa duten eraikinetan, eraikina bera eraitsi gabe, egiten diren obrak %90.
  • Lur hiritarrean dauden eraikinak, egurrezko egitura edo egitura mistoa dutenak, ordezkatzeko egiten diren obra berriko eraisketa eta eraiketa lanei %40.

Udal Gobernuak oposizioaren proposamenak ere jaso ditu, eta batzuek onartu dituzte eta beste batzuek ez. "Oposizioaren proposamenak kontuan izanda ordenantzak hobetzen direla uste dugu eta honean ere elkarlana garrantzitsua dela pentsatzen dugu", esan zuen Gurrutxagak. Onartutakoen artean, EHBilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako bi proposamen daude. Batetik, denda txikientzako eraikuntzaren, instalazioen eta obren gaineko zerga %2,5etik %1,25era jeistea. Eta, bestetik, irekitzen diren komertzio berrientzako %50eko hobaria.

 • Herritarrei tasak igotzea ez dela onargarria uste du EH Bilduk
Hondakinen bilketaren kudeaketan zerbitzu txarra eman arren, herritarrei tasak igotzea ez dela onargarria uste du EH Bilduk, eta hori dela-eta, ordenantza fiskal berriak onartzearen aurka bozkatuko zuen ezker subiranistak joan den eguazteneko osoko bilkuran, "progresibitatea aintzat hartzen ez delako".

“Udalak ahalegin bat egin behar du bere kostuak efizientziaz kudeatzeko, eta igoerarik ez aplikatzeko zalantzaz beteriko sasoi hauetan.”, esan zuen Jon Peli Uriguen EH Bilduko bozeramaileak.

Zaborren bilketaren zergari ezarritako %3,43ko igoerarekin bereziki arduratuta azaldu da EH Bildu. “Benetan kezkagarria iruditzen zaigu, ez bakarrik igoeragatik beragatik soilik, kudeaketagatik ere bai. Bere egunean hondakinen mahaia sortu zen, EHBilduren bultzadaz, baina han jarritako helburuak ez dira betetzen ari inondik inora, eta gainera mahaia alboratuta daukazue. Hori bai, prezioak igotzerako orduan inongo arazorik ez”. Uriguenek gaineratu zuen sarri askotan eredugarriak ez diren irudiak ikusten direla hondakinak biltzeko ontzien inguruan. Gainezka dauden ontziak edo zabor edukiontzien kanpoan egoten diren poltsak aipatu zituen.
Denda txikien obrak

Denda txikientzako eraikuntzaren, instalazioaren eta obren gaineko zerga %2,5etik 1,25era igarotzea albiste pozgarria dela uste du EH Bilduk, azken urteetan egindako lanaren emaitza. “Ziurrenik horrek bakarrik ez du bultzatuko pertsona bat denda txiki bat irekitzera, baina bere egunean dendariekin bildu ginenean esan ziguten bezala, edozein babes, morala bada ere eskertzekoa da beraien partetik, egunerokotasunean dituzten zailtasunen aurrean bultzadatxoa delako”, esan zuen Uriguenek.

Lotura duten albisteak: