EHBildutik salatu dute Mendaroko alkatearen soldata %25 igo dutela

Barren.eus 2019ko uzt. 19a, 14:38

Mendaroko EHBilduk kargu hartu die gobernuan dauden bi alderdiei alkatearen soldata %25 igotzeagatik legegintzaldi berrian. Ohar baten bidez zabaldu du oposizioak alkatearen soldataren inguruko desadostasuna. Urtean 55.300 euroko soldata gordina izango du Iñaki Arregi alkateak.

 

EAJk bost zinegotzien aldeko botoarekin onartu zuten soldata hilaren 17ko osoko bilkuran. Bozketan kontra bozkatu zuten EHBilduko zinegotziek eta abstenitu egin zen PSE-EEkoa.

"EHBilduk aurka bozkatu zuen, izan ere, 2015ean 1998 biztanle zituen Mendarok, eta gaur egun, 2003. Guztiok ulertzen dugu bost biztanle gorabehera, Mendaroko alkateari dagozkion eginbeharrak eta ardurak, aurreko alkateak izan zituenen antzekoak direla, eta ez dago igoera honetarako arrazoi objektiborik. EHBildutik uste dugu era honetako gauzak direla jendeak politikarienganako duen iritzi txarra justifikatzen dutenak. Herriaren alde lan egingo dutela hitz eman eta berehala, beste ezer egin baino lehen, lehenengo neurria, norberaren soldata igotzea denean, normala da jendeak uste izatea jendea politikagintzara etekin partikularra ateratzera datorrela", dio  hitzez hitz EHBilduren oharrak. Soldata igo izanaren inguruan argibide garbirik ez ematea egotzi dio EAJri. "Legearen barruan zegoen soldata zela baino ez zuen aipatu", dio horren harira. "Tamalgarritzat" jo dute EAJren jarrera eta era berean, "gaitzesgarria" iritzi diote alderdi sozialistaren jarrerari, bozketan abstentzioaren alde eginez, praktikan, alkatearen soldata igoera babestu zuelako. "Sozialista deitzen den alderdi batengandik etorrita erabat ulertezina iruditzen zaigu", gehitu dute horren harira.