Baserri bide publikoen erabilera arautzeko ordenantza berria osatzen ari da Udala

Barren.eus 2019ko uzt. 8a, 13:00

Elgoibarko Udalak ordenantza berria jarriko du martxan, Udal titularitatekoak diren baserri bideen erabilera arautzeko. Araudi berria onartu aurretik, baina, baserri bide horien erabilerari buruzko herri-galdeketa egingo dute.

 

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, herritarrek eta erakunde nahiz elkarte esanguratsuenek gai honen inguruan izan dezaketen iritzia jaso nahi dute herri-galdeketa eginda. Honenbestez, behar bezala identifikatutako herritarrek, erakundeek eta elkarteek, hala nahi izanez gero, iritziak eta iradokizunak bidali ahal izango dituzte partaidetza@elgoibar.eus helbidera eta HAZ zerbitzura, 2019ko uztailaren 18ra bitartean.
Kontsultaren tramitea egin ostean, eta aurkeztutako proposamenak aztertu eta Ordenantza onartzeko prozedurari ekin ondoren, Ordenantzaren zirriborroa argitaratuko dute Elgobarko Udalaren web atarian, eragindako herritarrek, beste behin ere, entzunaldia egiteko aukera izateko; eta hartara, egokitzat jotzen diren ekarpen gehigarri guztiak jasotzeko.

Mendi eta basoetatik egurra ateratzeko edo beste zenbait lan egiteko ibilgailu astunek baserri bideak erabiliz gero, bide horiek ohikoa baino narridura edo kalte handiagoa izan dezaketela dio Udalak, arautu gabe egotearen ondorioetako bat bistaratzeko. "Gaur egun udal mailako inolako erregulaziorik ez duen gai bat da, eta Udalak ez daki nor ari den bide horiek modu berezian erabiltzen; eta gainera, udal erakundea da, bere kontura, kamioi horiek sortzen dituzten kalteak konpontzeaz arduratu behar dena", adierazi dute.