Aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzailea, martxan

Barren.eus 2019ko eka. 19a, 13:15

Herritarrek udal politiken diseinuan parte hartzea nahi du Elgoibarko Udalak eta horretarako, prozesu parte hartzaile bat jarri du martxan, bigarren urtez. Bi fase izango ditu aurten eta proiektuak aurkeztuko dira lehenengoan.

“Prozesu honen bidez udalerriari buruzko kezkak eta interesak adierazi ahal izango ditugu. Bizilagun guztiak tartean egotea nahi dugu, gure udalerriak behar dituen inbertsioen zati bat zehazten”, azaldu du Ane Beitia alkateak. Prozesua bi fasetan gauzatuko da: proiektuak aurkeztuko dira lehenengoan, eta iragazki tekniko bat pasatzen dutenenen artean, batzuk lehenetsiko dituzte gero herritarrek. Udalak 200.000 euro jarriko ditu aukeratzen diren proiektuak egiteko.
Prozesuan Elgoibarren erroldatuta dauden 16 urtez gorako guztiek parte hartu ahal izango dute. Bide ezberdinak daude horretarako. Aurrez aurre egin nahi duenak inprimaki bat bete beharko du, eta honako leku hauetan egongo diren kutxatiletako batean utzi: Gotzon Garate Udal Liburutegia, Jubilatuen Etxea, Kultur Etxea, Herritarren Arreta Zerbitzua eta Olaizaga kiroldegia. On-line egin nahi duenak www.elgoibar.eus webgunean dauka horretarako aukera.

Barixakuan (ekainak 21), berriz, karpa ere jarriko dute Kalegoen plazan, 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era.

 Lotura duten albisteak: