Lau udaltzain posturako oposizio-lehiaketa martxan jarri du Udalak

Barren.eus 2019ko api. 17a, 11:52

Elgoibarko Udalak onartu egin du lau udaltzain posturako oposizio-lehiaketa martxan jartzea. Parte hartu nahi dutenek eskakizuna maiatzaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dute.

Elgoibarko Udalak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren bitartez, Udaltzaingoko lau plaza (2. euskara hizkuntza-eskakizunarekin) betetzeko hautaketa-prozedura deialdia ireki du. Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa aske bidez egingo dute.

Deialdi ofiziala Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian publikatuta dago jada, beraz, hautaketa-prozedura honetan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean www.arkauteakademia.eus eskura dagoen eredu ofizial eta normalizatuan aurkeztu behar dira eskabideak.

Deialdian parte hartzeko baldintzak oinarrietan daude zehaztuta. Horien artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, bigarren hizkuntz eskakizuna betetzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo baliokidea edo goragoko mailako graduatu titulua eta eskaerak aurkezteko eperako turismoetarako B gidabaimena izatea. Halaber, gizonezkoek, 1,65 metroko altuera izan beharko dute gutxienez eta emakumezkoek, aldiz 1,60 metrokoa.

Oposizioan hainbat proba gainditu beharko dituzte hautagaiek: jakintza proba bat, bi proba psikotekniko, gaitasun fisikoa neurtzeko proba, eta aurrez aurreko elkarrizketa bat.

Aipatzekoa da ere, Udaltzaingoaren Oinarrizko Eskalako agente gisa Udaltzain Kidegoetan egindako zerbitzuak baloratuko direla. Halaber, euskararen C-1 jakite-maila egiaztatzen dutenei 70 puntu emango dizkiete.

∞Lotura duten albisteak: