18,2 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2019an, aurtengoa baino %3 handiagoa

Barren.eus 2018ko abe. 21a, 12:13

Atzoko Osoko Bilkuran onartu zuen Elgoibarko Udalak 2019an izango duen aurrekontua: 18.247.799,89 eurokoa. Hain zuzen ere, %3ko hazkundea izango du udal aurrekontuak 2019an, hazkunde apala 2017 eta 2018ko aurrekontuek izan zutenarekin alderatuta. 2018koetan, %12koa izan zen igoera, hein handi batean Aita Agirre eraikina birgaitzeko obrengaitik. 2019koetan, 4.227.287 euro jarriko ditu Udalak inbertsioetarako. EAJren eta PSE-EEren botoekin onartu ziren aurrekontuak, eta EHBilduko zinegotziek kontra bozkatu zuten.

Inbertsioen atalean, bi obra nagusi dira aipagarrienak: Aita Agirre eraikina eta Olaizaga igerilekua handitzeko obrak. Diru kopuru handiena igerileku handitzeko proiekturako izango da: 1.000.000 euro. Urtarrilean hasiko dute lizitazioa eta obrak abuztu ondorenean hastea aurreikusten dute (14-16 hilabeteren barruan bukatu beharko lituzkete). Aita Agirreri dagokionean, 2019ko aurrekontuan sartu dute azkeneko partea: 750.000 euro. Iosu Arraitz Hirigintza zinegotziaren arabera, obrak martxa onean doaz eta okerrik ezean otsailaren azkenerako amaituta behar lukete. Hiru urteko obra da Aita Agirrekoa, eta guztira, 4 milioi euro inguruko kostua izan du. Epe luzerako obretan izaten dira aurreikusitakotik "desbiderapenak", direla ezarritako epeetan edo aurrikusitako diru-kopurutan, eta kasu honetan ere izan dira, baina "anekdotikoak". 2017ko udan hasi zituzten obrak eta 18 hilabeteko epean bukatzea aurreikusi zuten, baina Arraizek zehaztu zuen pare bat hilabeteko atzerapena daramatela.

Bestelako inbertsio nagusiak hauek dira:

  1. Arriagako industrialdearen urbanizazio lanak: 585.000 euro. 1970ean eraiki zuten industrialdea eta ordutik ez da inolako lanik egin han. Argiztapena, asfaltatua... aldatuko dituzte, eta obrak faseka egingo dituzte, goiko aldekoan egin beharrekoekin hasita. Lan horiek bertako jabeek finantzatuko dituzte, baina Udalak aurreratuko du dirua, gero kobratzeko.
  2. Kaleen konponketa: 250.000 euro. Asfaltatze lanak izango dira, hein handi batean. Urazandin zentratuko dira lan handienak (espaloiak konpondu eta zabalduko dituzte), baina San Pedro kaleko eta Pedro Mugurutza bukaerako espaloiak ere konponduko dituzte. Era berean, Gabriel Krutzelaegiko barandak lijatu eta margotuko dituzte.
  3. Umeentzako ur jolasak Mintxetan. 250.000 euro. Mintxetako igerilekuetan umeentzako ur jolasen parkea jarriko dute, adin guztietako umeentzat.
  4. Eraikinen erosketak: 200.000. Santa Klarako komentua erosteko falta zen dirua da.
  5. Landa auzoetako lanak: 200.000.
  6. Eguneko zentroa: 200.000. Uparitzaga kaleko babes ofizialeko etxebizitzen azpiko lokalean eraikiko dute eguneko zentro berria, 30 lagunentzako lekuarekin. Gaur egun, 20 plaza daude beteta eta ez dago itxaron zerrendarik.
  7. IMH ingurua urbanizatzeko lanak: 60.000. Tenis pista eta ingurua berrituko dituzte, aisialdi-gune bat sortuz.
  8. Santa Klarako kontxaren urbanizazioa: 40.000 euro.
  9. Fatxadak berritzeko diru-laguntzak: 75.000. Iaz ere jaso zuten aurrekontuetan eta 2019rako ere jasoko dituzte. Deba ibaiko fatxadak konpontzeko diru-laguntzak dira, eta momentuz definitzeke badute ere, izan daiteke diru-laguntza hauek alde zaharreko etxebizitza guztiei zabaltzea, alde zaharrean daudelako behar gehien dituzten etxeak, isolamendu eskasena dutenak. Horretarako egon badaude Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren laguntzak, baina laguntza horiek osatu nahi ditu Udalak. 2018an, 16 laguntza eman dituzte: 4 erdialdeko etxeetan, 4 Sigmako etxebibizitzetan eta 8 Urazandin.
  10. Gazteentzako ohiko etxebizitzaren alokairurako diru-laguntzak: 75.000 euro. 2017an egin zuten lehenengo deialdia eta 11 onuradun izan ziren. 2018an, berriz, 14 lagunek eskatu zituzten, baina 15 onuradun izan ziren azkenean.

Bestalde, parte-hartzea sustatzeko partida ere izango da 2019an ere, 200.000 eurokoa. 2018an, zortzi proiektu bozkatzeko aukera eman zuen Udalak eta hiru hauek izan ziren bozkatuenak: bolatokiko parkearen urbanizatzea (otsailean hasiko dituzte obrak), Aizkorri eta Urazandi lotuko dituen oinezkoen pasealekua (urtarrilaren 7an hasiko dituzte obrak) eta Bernardo Ezenarro kalearen urbanizatzea (urtarrilean hasiko dira lanean). Hiru proiektu horien aurrekontuaren batura 205.000 eurokoa da.

 • Udal Kirol Patronatua:
Udal Kirol Patronatuak 618.237 euroko transferentzia jasoko du Udaletik 2019an. Guztira, 1.312.687 euroko aurrekontua izango du Patronatuak. Horren harira, azpimarratu zuten aipatzekoa duela autofinantziazio-maila: %76koa.

 • Hezkuntza:
PSE-EEk egindako eskaerei erantzuna emanez, Ikastolari eta Herri Eskolari zuzendutako diru-laguntzen irizpideak parekatzera egin du Udalak. PSE-EEk salatu izan du Herri Eskolak diru gutxiago jasotzen zuela publikoa bera denean. 2019rako diru-laguntzak ikasle kopuruaren arabera kalkulatu dituzte. Ikastolak 991 ikasle ditu eta 41.000 euro jasoko ditu. Herri Eskolak, aldiz, 526 ikasle ditu eta 21.762 euroko laguntza jasoko du (iaz baino 14.000 gehiago)

∞ Lotura duten albisteak: