Herritarren Arreta Zerbitzu berria zabalik da, berrikuntza ugarirekin

Barren.eus 2018ko mar. 27a, 17:24

Herritarren Arreta Zerbitzua berritu du Elgoibarko Udalak. Lehengo leku berean dago, baina Santa Ana kaletik du orain sarbide nagusia. Bulegoak berritzearekin batera, herritarrentzako zerbitzu berriak ere baditu gaur zabaldu duten bulegoak, kutxazain automatiko bat, besteak beste.

Elgoibarko Udalak Herritarren Arreta Zerbitzu (HAZ) berria inauguratu du gaur goizean. Santa Ana kalean kokatua, HAZ berriak ordutegi zabalagoa du eta kutxazain automatiko bat ere badu, udal tramiteak arintzeko helburuarekin. Herritarrentzako “txoko” bat ere badauka. Espazio eraberritu honi esker, herritarrek egin beharreko kudeaketa eta izapide guztiak toki bakar batean zentralizatu dituztela jakinarazi dute Udaleko arduradunek. "Udalak esfortzu handia egin du eta egiten ari da Herritarren Arreta Zerbitzu integralaren proiektu hau martxan jartzeko. Elgoibartarrek udal izapide administratiboak era azkar, eraginkor, garden eta errazean egin ahal dituzte bertan", azaldu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak. Alkatea bera izan da inaugurazio ekitaldian, Udaleko beste zenbait ordezkari politikoekin, eta sail askotariko udal langileekin batera. 

Harrera ordutegi zabalagoa

Herritarren Arreta Zerbitzu berriak ordutegi zabalagoa izango du. Aurrerantzean, astelehenetik barixakura egongo da irekita, 7:30etik 15:30era. Orain arte udaletxeko arreta zerbitzuan egiten ziren gestioak, zein kontu-hartzailetza sailean egiten ziren tramitazioak, gune bakarrean kudeatuko dituzte. Honako zerbitzuak eskainiko dituzte: 

  • Biztanleen errolda: altak, bajak, aldaketak.
  • Baimenak eta lizentziak: obrak, e.a.
  • Gizarte zerbitzuak: informazio orokorra, dokumentazioa jasotzea,
  • Diru-laguntzak: kultura, euskara, gazteria, hirigintza.
  • Areto, espazio publiko, instalazio eta material eskaera eta erreserba.
  • Zine eta ikuskizun eszenikoen bonuak eskuratzea.
  • Ikasle, irakasle, gazte eta aterpekide txartelak tramitatzea
  • Ordainagiriak helbideratzea.
  • Hondakinak biltzeko sistema: txartelak galtzea, poltsak, aldaketak.
  • Izen-emateak: ikastaroak, udal ludoketa.
  • Udalarekin egin beharreko edozein izapideri buruzko informazioa eta kudeaketa

• Kutxazain automatiko berria

Udal tramiteak errazteko helburua izango du HAZaren sarreran jarri duten kutxazain automatiko berriak, "herritarren-kutxazainak" udal arduradunen berbetan. Astelehenetik barixakura, 7:30etik 20:00etara erabili ahal izango da. Aurrerago zerbitzu gehiago eskaintzeko prestatuta dagoen arren, momentuz honako zerbitzuak eskainiz hasiko da:

  • Errolda: errolda ziurtagiriak; banakakoak eta historikoak
  • Ordainagiriak: ordainketa, kreditu txartelen bidez. Nire ordainagiriak ikusi eta egiaztagiriak inprimatu, ordaindu gabeko ordainagiriak ikusu eta nahi izanez gero ordaindu. 

Herritarentzako txokoa

Herritarrentzako txokoa deitu dioten gunea da zerbitzuak duen beste berritasunetako bat. Interneterako konexioa duen ordenagailu bat jarri dute, elgoibartarrek kontsultak edo bestelako tramiteak euren kabuz egin ditzaten, bai Udalari dagozkionak, baina baita beste administrazio publikoekin zerikusia duten kontsultak egiteko ere. Gainera, umeekin joaten direnei egin beharreko gestioak lasaiago egin ditzaten, umeentzako txoko bat ere egokitu dute ordenagailuaren ondoan.

2007tik Santa Anan

Elgoibarko Udalak 2007an inauguratu zuen Herritarren Arretarako Bulegoa, Marivi Agirregomezkorta alkate zela. Santa Ana kaleko 2. zenbakian ireki zituzten udal bulego berriak, baina Giza Eskubideen parkean zuen sarrera. Arreta bulegoa berritzeko lanak joan den abenduaren hasieran hasi zituzten eta lanek 230.313,37 euroko (BEZ gabe) aurrekontua izan dute. Obrek iraun duten bitartean kontu hartzailetza zerbitzua Udaltzaingoaren parean dagoen plazara lekualdatuko zuten, eta herritarrentzako arreta zerbitzua, berriz, Kultur Etxeko erakusketa gelara.

haz inaugurazioa elgoibar udala harrera

haz inaugurazioa elgoibar udala bulegoa lanean

haz inaugurazioa elgoibar udala makina

haz elgoibar harrera1

haz elgoibar 2

haz elgoibar ordenagailua 1

haz elgoibar Txikien espazioa

haz inaugurazioa elgoibar udala kanpokaldea