Elgoibarko Udalak irudi korporatibo berria aurkeztu du

Barren.eus 2018ko mar. 7a, 16:09

Irudi korporatibo berria estreinatu du Elgoibarko Udalak. Orain artekoa baino marka "modernoagoa, hurbilagoa eta xumeagoa" dela azaldu dute Udaleko arduradunek komunikabideetara bidalitako prentsa agirian.

Elgoibarko Udalaren irudi korporatibo berriak Udal erakundearekin lotutako ekimen, zerbitzu, eraikin eta seinaleak identifikatzeko balio du. Elgoibarko alkate Ane Beitiraren esanetan gaur egun kontzeptu eta baloreak identifikatzerakoan erakunde baten irudiak duen garrantziaz kontziente izanik, beharrezkotzat jo dute Udalaren marka berritzea elgoibartarrek erakundearekiko identifikazio maila handiagoa izateko helburuarekin. "Irudi modernoago, hurbilago, xumeago, eguneratuago bat, baina gure nortasunaren esentzia mantenduz”, laburbildu du. Udalaren irudi korporatiboaren berritzea administrazio hurbil, garden eta modernoago baten aldeko apustua egiten duen 2015-2019 Legealdi Planaren barruan kokatzen dela esan du Beitiak, Udal administrazioa bera eta herritarrekiko harremanak hobetzera bideratutako ekimena dela azalduz. 

Irudi berriaren sortzea, komunikazio euskarri desberdinetan identitate berriaren erabilera egokia zaintzea eta udal irudiaren "proiekzio bakar, koherente eta argia" bermatzeko helburua duen eskuliburu batekin dator (ikus hemen Elgoibarko Udalaren Erakunde-nortasun Bisualaren Eskuliburua -PDF-). Marka berria, modu mailakatuan ezarriko da udaleko sail guztietan, bai euskarri fisikoetan eta baita digitaletan ere.
• Jatorrietara itzultzen den marka bat
Irudi berria jatorrizko armarriaren "xumetasunera" itzultzen dela nabarmendu dute, laguntzen eta edertzen dituzten apaingarriak alde batera lagaz. Irudi berria, 1948ko jatorrizko ezkutuko elementuetan oinarritua, azken mendeetan erabilitako Elgoibarko armarri heraldikoaren adierazpen sinplifikatua da. "Paradoxikoki, hasieretara itzuli da. Egungo komunikazio arloko beharrizanen araberako egokitzapenean eta egungo egoerari egokitutako lengoaia bisual baten bidez Udal Erakundearen nortasunaren transmisioan pentsatuz diseinatu da, bertsio monokromatiko bat eginez. Horretarako, zenbait atrebentzia hartu dira ikuspegi heraldikotik oso ortodoxoak ez diren arren, ikuspegi praktikotik badirenak egungo euskarri grafiko-komunikatiboetan aplikatu ahal izateko. 'Atrebentzia' horiek gazteluko aurpegietariko bi kentzean oinarritu dira, aurrez aurre aurkeztuz eta begien bistan fatxada bakar batekin. Halaber, praktikotasunean pentsatuz, leiho kopurua bitara murriztu da, almenadun hiru dorreei dagozkienak errespetatuz".
Dena den, eta banderan eta udal estandarteetan erakusten den armarri ofiziala errespetatu nahian, gaur arte komunikazio elementu guztietan erabili izan den armarriaren bertsio barrokoa, Alkatetzarekin zuzenean eta esklusiboki lotutako protokolo eta harreman publikoen jardunetan erabiliko dute.

 irudi korporatibo berria elgoibar udala logo irudi korporatiboa elgoibar udala bilakaera