17,7 milioi euroko aurrekontua izango du Elgoibarko Udalak 2018an, aurtengoa baino bi milioi euro gehiago

Barren.eus 2017ko abe. 21a, 21:06

Gaurko Osoko Bilkuran onartu dute Elgoibarko Udalak 2018an izango duen aurrekontu ekonomikoa: Udalak 17,7 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean; aurtengoa baino bi milioi euro gehiago. Hain zuzen ere, %12,93ko hazkundea izango du Udal aurrekontuak 2018an. EAJren aldeko botoekin onartu du Osoko Bilkurak 2018rako aurrekontua. EHBilduk kontra bozkatu zuen eta PSE-EE abstenitu egin zen.

• 4,42 milioi euro inbertsioetarako

Aurrekontuaren zati handiena inbertsioen atalak hartzen du, eta aurrekontuaren hazkundea ere inbertsioei lotuta ulertu behar da, izan ere, inbertsioen atala aurtengoa baino 1,5 milioi euro handiagoa izango da datorren urtean. 

Inbertsioen atalean Aita Agirre eraikina berritzeko obra da diru gehien hartuko duena. Obrak aurtengo udan hasi zituzten, baina gastuaren zatirik handiena 2018an egingo dute. Eraikina berritzako 1.900.000 euro erabiliko dituzte; altzariak erosteko 350.000 euro eta Aita Agirre plaza urbanizatzeko beste 350.000 euro. Kopuru horri aurtengo milioi bat euro gehituta, 3.600.000 euroko emaitza ematen du.
• Igerilekuak handitzeko proiektua
2018ko beste inbertsio berri bat Olaizaga kiroldegiko igerilekuak handitzeko proiektua izango da. 130.000 euro erabiliko ditu Udalak proiektua idazteko, eta obra 2019an burutuko dute.
2018ko aurrekontuetako beste berrikuntza bat herritarren parte-hartzerako gorde duten diru kopurua izango da, 200.000 euro. Diru horrekin parte-hartzeari lotutako hainbat proiektu gauzatzeko asmoa du Udalak, baina oraindik definitzeko daude. Azken urteotan herritarren parte-hartzerako hainbat prozesu gauzatu dira, eta datorren urtean aurrerapauso bat eman nahi du Udalak. Herritarren inplikazioa eta lankidetza sustatzeko asmoa dute. Hona aurreikusi dituzten beste zenbait inbertsio:

  • Pista beltzaren urbanizazioa: 350.000 
  • Santa Clarako konbentuaren erosketa: 200.000 
  • Auzo bideak konpontzeko: 200.000 
  • Kaleen konponketak: 130.000 
  • Sigma eta Altzola: 100.000 
  • Skate park berria: 70.000
  • Proiektuen idazketa: 180.000 
  • Fatxadak berritzeko dirulaguntzak: 75.000 
  • Etxebizitza alokatzeko gazteentzako dirulaguntzak: 50.000 
  • Herritarren partaidetzarako partida: 200.000

Bestalde, badira beste inbertsio batzuk 2017an hasitakoak eta 2018an jarraipena izango dutenak, musika taldeentzako Pedro Mugurutzan egin asmo dituzten entsegu lokalak, esaterako.

• Oposizioaren iritzia

EHBilduk aurrekontuen kontra bozkatu zuen. Jose Luis Ibartzabalek esandakoaren arabera, azken urteotan partaidetza eta gardentasuna hitzak asko erabili dituela Udalak, baina aurrekontuak egiterako orduan ez dituztela gainerako alderdiak kontuan hartzen. Bere esanetan aurrekontu irekiak eta parte-hartzailek egiteko erabakia hartu zuen Udalak partaidetza planean, baina ez dute ezer egin. Azaroaren 28an aurkeztu omen zizkien EAJ-k aurrekontuak, abenduaren 21eko plenoan onartzeko asmoarekin. “Itxurakeriaz” jokatzea leporatu dio EHBilduk EAJ-ri.
Inbertsioen atalean Aita Agirre eraikinaren berritzea da obra nagusia. EHBilduk beti defendatu izan du proiektu hori, eta asko poztu ziren EAJ-k ere proiektu horrekin bat egin zuenean, baina EHBIlduren ustez horrelako inbertsio bat egitasmo orokor baten barruan kokatu behar da, eta ez dute horrelakorik ikusten. Gainera, udal aurrekontua %13an igo den arren, Kultura Saila gutxien igo dena dela kritikatu dute. EHBildu herri honek behar duen politika kulturala auzolanean diseinatzeko prest agertu da.
Nerea Alustiza PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen. Oro har aurrekontuarekin konforme agertu da, baina badaude bere ustez hobetu beharreko kontu batzuk. Nerea Alustizak diru gehiago bideratuko luke etxebizitza zaharretan igogailua jarri eta irisgarritasuna hobetzera, etxebizitza horietan jende nagusia bizi delako, bereziki. Horrez gain, ez dago konforme Udalak Hezkuntzako dirulaguntzak banatzeko duen irizpidearekin. Ikastolari diru “askoz gehiago” ematen diola esan du Herri Eskolari baino, eta bere ustez Udalak desberdintasun hori berdintzeko ahalegina egin beharko luke.
Bestela, inbertsioen eta gizarte zerbitzuen atalak dituen diru kopuruekin konforme dago.
Nerea Alustizak gaineratu du Elgoibar ez dela arazoak ematen dituen herria, eta Udalak ez daukala zailtasun handirik aurrekontuak osatzerako orduan. Oro har, Udalak aurrekontuak ondo egiten dituela esan du zinegotzi eibartarrak, baina oraindik ere badagoela zer hobetu uste du.