Erabakiak “inorekin kontatu gabe” hartzea egotzi dio EHBilduk Udal Gobernuari

Barren.eus 2017ko uzt. 6a, 13:36

Legealdiaren erdia beteta, orain artekoaren balorazioa egin du Elgoibarko EHBilduk, eta prentsa ohar bidez zabaldu. Oharrean, erabakiak “inorekin kontatu gabe” hartzea leporatu dio Udal Gobernuari.

Elgoibarko EHbilduk dio igarri zela alkate aldaketa hasieran. Alfredo Etxeberriaren aldean, Ane Beitiarena lan-estiloa “irekiagoa” zela jaso dute, eta horren ondorioz, harremanak “errazagoak eta zuzenagoak” izan zirela legegintzaldi hasieran. Bilduren zenbait eskaera ere aintzat hartu zirela gogorarazi dute, tartean bizikidetzaren mahai politikoaren garapena, hondakinen gairako mahaiaren eraketa, eta etxebizitzen aloraikura sustatzeko konpromisoa hartzea. Baina kritika egin diote Udal Gobernuari esanez “jarrera ireki” haren atzean ez dutela “konpromisoak betetzeko borondate handirik” sumatu. “Gu alboratuta, gure ekarpenak kontuan hartu gabe, inorekin kontatu gabe, hartzen dituzue erabakiak, hartzen dituzuenean”, diote oharrean. Horren harira baloratu dute legealdiko jarduera-maila “oso baxua” izan dela, aurreko legealdiko emaitzekin alderatuz gero: “Hartutako erabakiak heren batean murriztu dira, eta jaitsiera hori handiagoa izan da herritarrekin zerikusi zuzena duten erabakietan”.
Era berean, Legealdi Planean jasotako hainbat lan ildoren inguruan “ezer gutxi” egin izana leporatu dio, besteak beste honakoetan: parte-hartze planaren diseinuan, etxebizitza hutsak kudeatzeko planean, mugikortasun eta irisgarritasun planetan, eta Udalaren energia planean.

 

Lotura duten albisteak: