Legealdiaren erdira iritsita, eginkizunen balantze positboa egin du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2017ko eka. 30a, 14:28

Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Josu Arraiz Hirigintza Saileko arduradunak orain dela bi urte martxan jarritako legealdi planaren balantzea egin dute. Legealdi planaren erdigunean gauden honetan, planaren betetze maila oso altua dela nabarmendu du Beitiak; %96,3koa, hain zuzen ere.

Elgoibarko Udalak 2016-2019 Legealdi Plana jarri zuen martxan orain dela bi urte, eta gaur eguerdian egin dute lehenengo balorazioa. Legealdi Plana, herriaren etorkizuneko erronka nagusiak biltzen dituen dokumentua da, eta behar horiei erantzuteko ekintzak eta proiektuak zehazten dira bertan. Eginkizunak hiru arlotan bildu dituzte: Herritartasuna, Antolakuntza eta Lurraldea. Elgoibarko Udalak, 4.635.500 euro bideratuko ditu plan honetan zehaztutako ekintza eta proiektuak gauzatzeko.  (Herritartasuna: 2.734.500 € / Antolakuntza: 695.000 € / Lurraldea: 1.206.000 € ). Legealdi Planean planifikatutako ekintzen bistadizoan, alkateak planaren balorazio oso baikorra egin du, bai honen eboluzioari dagokionez, bai betetze-mailari dagokionez ere. Plan honek, Udala, instituzio gisa, herritarrengana hurbildu eta elgoibartarrak udal politiken erdigunean jarri ditu. Beitiaren arabera, “egin beharreko proiektu eta ekintza ia guztiak eginda daude eta martxan jarri beharrekoak martxan daude”. 2017ko martxora arteko balorazioa ondorengoa izan da:

  • Herritartasun arloa: %95 exekutatuta eta exekutatzen.
  • Antolakuntza arloa: %100 exekutatuta.
  • Lurralde arloa: %94 exekutatuta eta exekutatzen.

Legealdi Plana diseinatzerakoan Elgoibarko Udalak 66 ekintza planifikatu zituen, eta horien artean lehentasunezko 19 eginkizun zehaztu zituzten: zortzi Herritartasun arloan, lau Antolakuntza arloan eta zazpi Lurralde arloan. Lehentasunezko ekintza horiek %100ean betetzen ari direla esan du Ane Beitiak. Jarraian dituzue 19 eginkizun horiek, hiru arlotan banatuta:

 Herritartasun arloan:

  • Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua behar berriei egokitzea.
  • Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailetik egiten den haurrentzako eskaintza bateratua egitea. Laneratzeko zailtasunak dituzten emakumeekin eskuhartzea.
  • Etxegabetzeen aurkako protokoloa egitea eta onartzea.
  • Arrisku egoeran dauden haurren arretarako protokoloak eta zerbitzuak hobetzea
  • Aisia arloko udal zerbitzuak eta eskaintza herriko haur, nerabe eta gazte guztientzat bermatzeko plana.
  • Udaleko V. Erabilera Plana ebaluatzea eta VI. Plana diseinatzea eta ezartzea: Urrezko BIKAIN ziurtagiria lortu du Udalak 2016an.
  • Herriko Antzokiaren kudeaketa eta diagnosia egitea.

 Antolakuntza arloan:

  • Herritarren arreta zerbitzua indartzea: Herritarrentzako arreta zerbitzua ezartzeko prozesua bideratzea, eta horretarako, ondorengoak zehaztea.
  • Parte-hartze plana diseinatzea eta ezartzea.
  • Herritarrak informatzeko teknologia berriak abian jartzea.
  • Udal kudeaketako prozesuak berrikusteko, arrazionalizatzeko eta errazteko prozesua bultzatzea.

 Lurralde arloan:

  • Aita Agirre eskola zaharrak kultur ekipamendu gisa eraberritzea.
  • Industrialdeak konpontzea eta industrialdeen urbanizazioa hobetzea.
  • Urazandiko haur-parkea berritzea eta auzoetako haur-parkeen hornidura handitzea.
  • Herrigunea eraberritzea eta balioestea bultzatzea.
  • Olasogain eremua berriz urbanizatzeko eta bertako irisgarritasuna hobetzeko proiektua idaztea (Sigmako etxebizitzak).
  • Mugikortasun plana eguneratzea, oinezkoek lehentasuna izan behar duteneko guneak arintzeko.
  • Kaleko argiteria berritzeko eta argiteriaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko programa.

Lotura duten albisteak:

legealdi plana elgoibar udala balorazioa 2