Bi lanpostu eskaini ditu Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2017ko eka. 22a, 10:33

Bi lanpostu betetzeko deialdiak egin ditu Elgoibarko Udalak, bake epaile posturako batetik; eta, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko teknikari lanak egiteko, bestetik.

Elgoibarko Udalak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, iragarri du Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko teknikaria behar duela, ordezkapen bat egiteko. Jardunaldi osoko lana izango da eta urteko ordainsari gordina 31.010,17 eurokoa izango da. Bete beharreko funtzioak eta bestelako informazioa Lanbideren webgunean aurki dezakezue.

Era berean, bake epaile posturako lagun bila ere badabiltza, joan den ekainaren 9an zendu baitzen Juan Mari Uranga Elgoibarko bake epailea. Bake epaile titularra eta ordezkoa hautatzeko deialdia zabaldu du Udalak. Bake epaile izateko betebeharrak eta gainerako informazioa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dituzte. Bake epailearen eginkizun nagusia da jaiotza, heriotza eta ezkontza-erregistroak izenpetu, munta gutxiko arazo zibilak eta hutsegite edo falta arinak epaitu eta auzoen arteko auzietan bitartekari lanak egitea. Bake epaileek herritarrekin duten gertutasunagatik Lehen Instantziako epaileek baino errazago konpon ditzakete arazoak epaiketara iritsi aurretik.