Udalak 4,6 milioi euro bideratuko ditu Legealdi Planean zehaztutako 66 ekintza burutzeko

Barren.eus 2016ko abe. 15a, 19:31

Elgoibarko Udalak 2015-2019 Legealdi plana aurkeztu du. Herriaren etorkizuneko erronka nagusiak biltzen dituen dokumentua da eta bertan jasota dauden "lehentasunezko" 66 ekintza burutzeko konpromisoa hartu dutela adierazi du Ane Beitia alkateak. Ekintza eta proiektu guztiak errealitate bihurtzeko, 4.635.500 euro bideratuko dituzte.

2015-2019 agintaldirako osatu duten Legealdi Plana ezagutarazi du gaur eguerdian Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Gobernu taldeko zenbait kiderekin batera. Beitiak Udaleko sail guztien partaidetzaz landutako plan honen alderdirik garrantzitsuenak aurkeztu ditu prentsaurreko agerraldian.
Ane Beitiak azaldu duenez, Alkatetzaren gidaritzapean egin dute Legealdi Plana. "Partaidetzan oinarritua eta udaleko sail desberdinen arteko transbertsalitatea sustatzeko helburuarekin egin dugu, eginkizun horretan sortu den Zuzendaritza Taldearen laguntzarekin eta Gobernu taldeko kideen ekarpenekin. Alkatearen esanetan, azpimarratzekoa eta eskertzekoa izan da udal langile guztien laguntza eta parte hartzea ere, "horri esker planak herriaren egoera zehatzean eta egun bizi duen errealitatean oinarritutako proposamenak" biltzen baititu.
4.636.500 euro, hiru arlotan banatuta
Legealdi Plana hiru arlo nagusitan banatu dute: Herritarrak, Antolakuntza eta Lurraldea. Aipaturiko hiru arlo horietan 12 helburu estrategiko eta 66 ekintza zehatz errealitate bihurtzea erabaki dute. Ekintzak paperetik errealitatera eramateko 4.635.500 euro beharko dituztela kalkulatu dute eta kopuru hori bideratu dute 2015-2019 Legealdi plan honetara, honela banatuta: Herritartasuna: 2.734.500 euro, Antolakuntza 695.000 euro eta Lurraldea 1.206.000 euro.

Etorkizuneko Elgoibarren zazpi erronka:
Helburu estrategiko eta ekintza zehatzekin batera, Elgoibarrek etorkizunera begira dituen zazpi erronka nagusiak zeintzuk diren azaldu ditu Elgoibarko alkateak, "ikuspegi kuantitatiboago batetik". Hona hemen:

  1. Elgoibar euskalduna eta dinamikoa
  2. Bakearen, bizikidetzaren eta berradiskidetzearen kultura bultzatuko duena.
  3. Aukera berdintasuna oinarritzat hartuta, pertsona guztien partaidetza eta ekintzailetza bermatuko dituena.
  4. Natur ingurunea eta ingurumena zainduko dituena.
  5. Hirigintzaren ikuspegitik, herri irisgarria, erosoa, atsegina eta iraunkorra izango dena.
  6. Aberastasun ekonomikoa eta enplegua sortzen jarraituko duena.
  7. Prestakuntza eskaintza anitzaren bitartez gure herritarren kualifikazioa bultzatuko duena.

Konpromisoa, zorroztasuna eta gardentasuna kudeaketan
Beitiak, Elgoibarko Udalaren "zorroztasun eta transparentzia" azpimarratu ditu udal kudeaketaren ezaugarri nagusi gisa. Udalak hartutako ardura eta konpromisoa azpimarratu nahi izan ditu, bai Legeladi Planaren prozedimenduari dagokionez, bai honen betetzeari dagokionez ere. “Erantzunkizuna, gardentasuna eta seriotasuna, Elgoibarko Udalaren kudeaketaren oinarrizko hiru zutabe izan dira, egun ere badira eta etorkizunean ere seguru hala izango direla”, esan du Beitiak.

Legealdi plan "errealista"
Herritartasun arloak pisu edo garrantzi handi dauka 2015-2019 Legealdi Plan honetan. “Elgoibarrek plan errealista bat dauka, ez dugu ametsik jarri, bere anbizioekin bat datorren Legealdi Plan bat baizik. Anbizioduna da, elgoibartarren beharrizan eta itxaropen guztiak aintzat hartzen dituelako eta bideratuko diren errekurtso guztiekin, pertsonen eta pertsonentzako Elgoibar bat martxan jartzeko proiektua abiarazten duelako. Izan ere, Elgoibarrek kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraituko du”.
• Jarraipena eta ebaluazioa
Beitiaren esanetan, Legealdi Plan honetara bideratuko diren euro guztiak, pertsonen zerbitzura bideratuko diren euroak dira. Elgoibarko Udala, herritarrentzako instituziorik hurbilena den heinean, elgoibartar guztien ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko lanean jarraituko duela adierazi du. "Ez digu inork eskatu plan hau martxan jartzeko. Gure iniziatiba izan da, gauzak hobetzeko gure buruari jarri diogun konpromisoa da, eta gure barne antolakuntzarako oso baliagarria izango zaigula uste dut", azaldu du.

Alkateak argi utzi du plana berrikusi eta ebaluatu daitekeela, eta agintaldian zehar mekanismo desberdinak ipiniko direla martxan honen jarraipena, ebaluazioa eta betetzea kontrolatzeko. "Bizirik dagoen plana da. Ekarpenak egiteko aukera izango da eta konpromisoak betetzen ditugun ala ez jarraipena egingo diogu".

legealdi plana elgoibar aurkeztu